Venezuela
AEBk Venezuelako 13 goi-kargudun zigortu ditu
Agentziak | Erredakzioa
Asanblea Nazional Konstituziogilearekin aurrera jarraituz gero Venezuelari zigor ekonomiko “handiak” ezarriko zizkiola iragarri zuen Trumpek joan den astean.
Venezuelako hamahiru funtzionario eta funtzionario ohi zigortu ditu asteazken honetan Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, “giza eskubideen kontrako gehiegikeriak egitea, ustelkeria eta demokrazia zapuzteko ekintzak burutzea” leporatuta. Hala, Konstituziogilea aukeratzeko lau egun besterik falta ez direnean, AEBk presioa egin nahi izan dio Nicolas Maduroren Gobernuari.
Besteak beste, goi-kargudun hauek daude gaur zigortutako langileen artean: Elias Jaua (Asanblea Nazional Konstituziogilerako Presidente Batzordeko burua eta Venezuelako presidenteorde ohia), Tibisay Lucena (Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidentea), Nestor Reverol (Venezuelako Barne, Bake eta Justizia ministroa), Tarek William Saab (Herritarren defendatzailea) eta Carlos Malpica Flores (Venezuelako diruzaina).
Era berean, Sergio Rivero Marcano (Guardia Nazional Bolivariarreko komandantea), Carlos Alfredo Perez (Boliviako Polizia Nazionaleko zuzendaria), Franklin Garcia Duque (Boliviako Polizia Nazionaleko zuzendari ohia) eta Jesus Suarez (Boliviako Armadako komandantea) daude AEBk zigortu dituen goi-kargudunen artean.
Gainera, AEBko Ogasun Sailak ondorengo funtzionarioak zigortu ditu: Simon Zerpa (Venezuelako PDVSA petrolio-enpresako Finantza presidenteordea), Alejandro Antonio Fleming (Europan jarduteko Kanpo ministrordea) eta Rocco Albisinni Serrano (Venezuelako Kanpo Merkataritza Zentroko presidentea).
Trumpek joan den astean iragarri zuen Asanblea Nazional Konstituziogileko prozesuarekin aurrera jarraituz gero zigor ekonomiko “handiak” ezarriko zizkiola Venezuelako Gobernuari. Igande honetan aukeratuko dituzte prozesua zuzenduko duten 500 herritarrak.
AEB, Kolonbia eta Mexiko salatuko ditu Venezuelak
Venezuelako Gobernuak, bere aldetik, AEB, Kolonbia eta Mexiko salatuko dituela iragarri du asteazken honetan, Nicolas Maduro “presidentea kargutik kendu” eta “trantsizioa lortzeko azpijokoak erabili” dituztela iritzita.
“AEB Venezuelaren kontra behin eta berriro egiten ari den erasoak nazioarteko komunitatearen aurrean” salatu ditu Sara Lambertini Amerikako Estatuen Erakundean (AEE) Venezuelak duen bigarren idazkariak Maduroren Gobernuaren izenean.
Eraso horien artean, “Venezuelan trantsizioa lortzeko Kolonbiarekin eta Mexikorekin izandako koordinazioa” aipatu du Lambertinik.
Era berean, Maduroren Gobernua “kolokan” jartzeko asmoz “oposizioa finantzatu” izana leporatu dio Venezuelako Gobernuak AEBri, eta goi-kargudunei ezarritako “zigor hertsatzaileak” salatu ditu. Gainera, baliteke AEBk aste honetan neurri gehiago iragartzea.
AEBren helburua Asanblea Nazional Konstituziogilea geldiaraztea da. Uztailaren 30ean egingo dute, Konstituzio berria egin aurretik.