Itxi

Konstituziogilearen aurka

Bi hildako eta 50 zauritu Venezuelan, 48 orduko grebaren lehen egunean

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Maduro eta oposizioa aurrez aurre, grebaren lehen egunaren jarraipenari ere dagokionez. Gaur, Asanblea Konstituziogilearen azken kanpaina eguna da, eta Caracasen itxiko dute ekitaldi handi batekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Manifestariek eta segurtasun indarrek talka egin dute berriro Venezuelan, oposizioak Asanblea Konstituziogilearen aurka deitutako 48 orduko grebaren lehen egunean, eta bi pertsona hil eta beste 50 zauritu dira protestetan.

Biktimak 30 urteko gizonezko bat eta 16 urteko nerabe bat dira, eta Meridan eta Caracasen hil dituzte, hurrenez hurren.

Carlos Garcia Merida hiriburuko alkateak Poliziako agenteei egotzi die Rafael Vergara izenarekin identifikatu duten gizonezkoaren heriotza. Alkatearen esanetan, "diktaduraren organoen errepresioaren" biktima izan da, Twitterren argitaratu duenez, eta tiroz hil dutela zehaztu gabe bertako bizilagunek.

Caracas metropoli-barrutiko 104 Fiskaltzak, berriz, Petare auzo jendetsuan nerabe bat hil dela baieztatu du, Ministerio Publikoak Twitter bidez zabaldu duenaren arabera.

Bestalde, oposizioak esan du grebak % 92ko jarraipena izan duela lehen egunean; Madurok, aldiz, datu hori ukatu du.

Grebarako deialdiaren aurrean, "langileria gailendu da" eta "garaipen handia izan du gaur greba mugagabea egiteko saiakerari aurre eginez", esan du Madurok bere jarraitzaileen aurrean egindako eta telebista eta irrati bidez zabaldutako ekitaldi batean.

Oposizioaren iritzian, ostera, greba arrakastatsua izan da. "Guztira % 92ko parte hartzea izan du herrialde osoan", esan du Freddy Guevara diputatuak, Batasun Demokratikorako Mahaiaren izenean.

Oposizioaren helburua igandean egitekoa den Asanblea Konstituziogilea geldiaraztea da, horren iritzian, Maduroren "diktadura" egonkortuko lukeelako.

Maduroren aldekoek, berriz, prozesua defendatzen dute "iraultza sendotu eta Estatu komunala indartzeko".

Madurok Venezuelako herritarrak deitu ditu Konstituziogilea osatzeko 500 kide aukera ditzaten, nazioarteko hainbat herrialderen iritziaren aurka.

Gaur da Asanblea Konstituziogilearen aldeko azken kanpaina eguna, eta Maduroren aldekoak Caracasen elkartuko dira, ekitaldi handi batean.

Albisteak (4)

Bideoak (1)