Itxi

HAUTESKUNDEAK

Biltzar Konstituziogilea hautatuko du Venezuelak, protestatan murgilduta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) ez du hautagairik aurkeztu, hauteskundeak konstituzioaren aurkakoak direla uste baitu.

Venezuelarrak Biltzar Konstituziogileko kideak hautatuko dituzte igande honetan Nicolas Maduro presidenteak deitutako hauteskundeetan. Prozesu horrek Venezuela barruan zein nazioartean kritika anitzak bildu ditu, eta aldendu egin du herrialdeak duen krisitik modu negoziatuan ateratzeko aukera.

Igande honetako hauteskundeetatik Biltzar Konstituziogilea osatuko duten 545 pertsona aterako dira, eta euren xede nagusia izango da 1999an, Hugo Chavez presidente zela, aldarrikatutako Konstituzioa ordezkatuko duen beste berri bat lantzea.

Haatik, Biltzar Konstituziogile hori deitzeko prozedurak Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) oposizioko alderdiaren kritika zorrotzak piztu ditu, baita zenbait chavista ezugunena (fiskal nagusia, kasu) zein nazioarteko komunitatearena ere.

Madurok maiatzaren 1ean deitu zuen Biltzar Konstituziogilea eta baztertu egin zuen erreferendum bat egitea, nahiz eta bere aurrekoak duela 18 urte hala egin. MUD alderdiarentzat eta fiskal nagusiarentzat legez kontrakoa da, uste baitute Konstituzioaren arabera herriak bakarrik daukala "deitzeko gaitasuna". Alderdi ofizialistaren aburuz, berriz, Konstituzioak presidenteari "deialdia egiteko ekimena" aitortzen dio.

Hauteskunde hauetan, 545 eserlekuak ez direla banatuko ohikoak diren hauteskunde-barrutiak kontuan hartuta, baizik eta lurraldeka eta sektoreka. Printzipioz, hautesleek bi boz eman ahal izango dituzte: bata, lurraldea aintzat hartuta; bestea, sektorearen arabera, baina sektoreetan ordezkatuta ez daudenek boto bakarra emateko aukera izango dute.

Horrenbestez, Biltzar Konstituziogileko 545 kideetatik 364 lurraldeen arabera aukeratuko dituzte, eta beste 173 gizarteko sektore jakin batzuetan: langileak (79), pentsiodunak (28), ordezkari komunalak (24), ikasleak (24), nekazariak (8), enpresaburuak (5) eta desgaitasunen bat duten pertsonak (5). Halaber, indigenek 8 ordezkari izango dituzte.

MUDek salatu duenez, hauteskundeak horrela diseinatuta egoteak alde ofizialistari egiten dio mesede. Euren aburuz, lurraldekako banaketa udalerrika egin da, biztanle kopurua kontuan hartu gabe, eta horrek chavista joera duten landa eremuen alde egiten duela uste dute hirien kaltetan. Izan ere, hirietan Gobernuaren aldeko joera gutxituz joan da.

Horrez gain, oposizioak ohartarazi duenez, hautatu diren gizarteko sektoreak gobernuzaleak dira, bertatik jasotzen baitituzte behar dituzten gizarte laguntzak.

Testuinguru horretan, MUDek hautagairik ez aurkeztea erabaki du; hartara, izena eman duten hautagai guztiak (6.000 baino gehiago) chavistak dira. Aldi berean, oposizioak baztertu egin du Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeak boikotatzea, alderdi horretako zenbait buruk proposatu bezala, baina kale nagusietan bildu eta modu baketsuan protesta egitera deitu dituzte herritarrak.

"Erabateko boterea"

Madurok defendatu duenez, Biltzar Konstituziogilea deitzea Venezuelak duela urte batzuetatik bizi duen krisitik ateratzeko irtenbidea da. Krisi hori areagotu egin zen apirilean Auzitegi Goreneko epai batek oposizioaren kontrolpean dagoen Legebiltzarrari bere botereak kendu zizkionean. Horren ondoren Gobernuaren aurkako hainbat manifestazio eta protestaldi egin dira, ehun hildako baino gehiago eta milaka atxilotu utzi dituztenak.

Aitzitik, MUDek ohartarazi duenez, Maduroren benetako asmoa 2015ean egin ziren Legebiltzarrerako hauteskundeetan chavistek galdu zuten "erabateko boterea" berreskuratzea da.

reskuratzea da.

Albisteak (6)