HAUTESKUNDE EGUNA
Hainbat hildako Venezuelan, Biltzar Konstituziogilearen bozketa egunean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ministerio Publikoa larunbatetik iganderako gauean gertatutako hainbat heriotza ari da ikertzen, horien artean Biltzar Konstituziogilerako hautagaietako bat.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Venezuela Biltzar Konstituziogileko kideak hautatzen ari da igande honetan Nicolas Maduro presidenteak deitutako hauteskundeetan. Prozesu horrek Venezuela barruan zein nazioartean kritika zorrotzak bildu ditu, tarteNa Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) oposizioko alderdiarenak, uste baitu ez dela Konstituzioa aldatzeko prozesu egokia eta Venezuelan "chavismoaren diktadura" sendotzeko aukerari ateak irekiko dizkiola.
Hauteskunde egunean oposizioa hainbat protestaldi egiten ari da herrialde guztiko hiri eta udalerritan, eta azken orduetan liskar ugari izan dira manifestari eta polizien artean.
Oposizioak hauteslekuen aurrean ez protestatzeko adierazi die euren jarraitzaileei venezuelarren arteko gatazkak ekiditeko, baina Caracasen elkarretaratze handia egitera deitu ditu bere jarraitzaileak, euren iritziz "iruzurra" dena saihesteko asmoz.
Hainbat venezuelar hautesleku baten aurrean. Argazkia: EiTB
Alabaina, deialdi horrek Maduroren Gobernuari erronka egiten dio, joan zen ostegunen hauteskunde-prozesuari eragin diezaiokeen edozein manifestazio edo bilera debekatu baitzuen, eta segurtasun indarrek ekin diote protestetako zenbaiten aurka egiteari.
Ministerio Publikoa hainbat heriotza ari da ikertzen
Venezuelako Ministerio Publikoak jakitera eman duenez, azken orduetan izandako istiluetan hil diren zortzi pertsonen heriotzen nondik norakoak ikertzen ari da. Horien artean Biltzar Konstituziogilerako hautagai bat dago eta oposizioaren aldeko sei kide eta polizia bat.
Istiluak Venezuelako kaleetan. Argazkia: EiTB
Aitzitik, oposizioaren arabera, dagoeneko hamahiru lirateke azken 24 orduetan hauteskundeekin lotutako liskarretan hil diren pertsonen kopurua.
Leherketa Polizia igarotzen ari zirela
Venezuelako Poliziako zazpi kidek zauriak izan dituzte igande honetan Caracasen izandako eztanda handi baten ostean, hainbat herritar hauteskundeen aurka egiten ari ziren protesta batetik gertu.
Agenteak moto gainean patruilatzen ari ziren Altamira gunean, eta igaroaldian leherketa bat gertatu da, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik.
Eztanda izan den uneko irudiak. Argazkia: EFE
"Hauteslekuen % 99,5, irekita"
Tibisay Lucena Hauteskundeen Batzorde Nazionaleko presidenteak nabarmendu du "hauteslekuen % 99,5 irekita" daudela . "Jendea parte hartzen ari da, euren etxeetatik ateratzen ari dira beren burujabetza botoen bidez adierazteko", azaldu du.
Lucenaren esanetan, "zenbait arazo gune" egon arren, horrek ez du oztopatu hauteskunde eguna. Aldi berean, gogoratu du hauteslekuak irekita dauden bitartean emaitzarik ematea debekatuta dagoela. Bere aurreikuspenen arabera, hauteslekuak itxi eta hiru ordura emaitza ofizialak ematen hasteko moduan izango dira.
Herritarrak hauteskundeetan parte hartzen. Argazkia: EFE
"% 7ko parte-hartzea", oposizioaren esanetan
Venezuelako oposizioaren hitzetan, gaurko hauteskundeak "zero babes" izan du, eta hauteslekuak ixteko ordu gutxi geratzen direnean hautesleen "% 7k besterik ez du bozkatu".
Batasun Demokratikoaren Mahaiaren bozeramaile gisa jardun den Julio Borges Legebiltzarreko presidenteak esan duenez, "milioi erdi pertsona baino gutxiagok" eman du botoa.
Venezuelako hauteskunde-erroldak 19,5 milioi lagun biltzen ditu, eta, Borgesen arabera, Tibisay Lucena Hauteskundeen Batzorde Nazionaleko presidenteak "iruzurrezko emaitzak" agertu dituen txosten bat dauka prestatu, eta bertan 8,5 milioi boto-emaileren parte-hartzea jasotzen omen da.
Herritar bat bere boza ematen. Argazkia: EFE
Maduro: "Bakearen aldeko lehen botoa"
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea lehenetarikoak izan dira euren boza ematen; izan ere, ireki eta berehala, 06:05ean, bozkatu dute Miguel Antonio Caro ikastetxean (Catia).
"Lehendabiziko botoa izan nahi nuen", adierazi du Madurok boza eman eta gutxira hedabideen aurrean. "Bakearen, independentziaren eta Venezuelaren subiranotasunaren aldeko lehen botoa, baita etorkizuneko lasaitasunaren aldekoa ere", adierazi du.
Ondoren, gaurko egunaren balio sinbolikoa azpimarratu nahi izan du. "Gaurko egunez, 1973ko uztailaren 30ean Bolivar bataiatzen ari ziren, eta umetxo harengatik gaude orain hemen. 2000ko uztailaren 30ean Chavez komandantea Errepublikako presidente hautatu zuten eta 99ko Konstituzioa berretsi zuen", erantsi du.
"Defendatu beharreko ondare bat daukagu, askatzaileen ondarea", iritzi dio Madurok Donald Trump AEBko presidenteari hitz batzuk zuzendu aurretik. Izan ere, Trumpek Venezuela zigortzea agindu du gaurko hauteskundeak egiten badira.
"Ez dago lurraren gainean Venezuelari bere eskubide demokratikoa galaraziko dion botererik", gaineratu du.