Venezuela
Batzar Konstituziogilea osatu dute Venezuelan
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, Caracaseko Lehen Auzialdiko epaitegi batek atzera bota du batzar hori bertan behera uzteko Fiskaltzak jarri zuen helegitea.
Ostiral arratsalde honetan Nicolas Maduroren Gobernuak bultzatutako Batzar Nazional Konstituziogilea eratzeko lehen bilkura egin dute Venezuelan, Caracas hiriko Jauregi Federal Legegilean, hain zuzen ere. Zehazki, oposizioa nagusi den Parlamentuaren egoitzan instalatu dute Konstituziogilea, Batasun Demokratikoaren Mahaia (oposizioko taldeak biltzen dituen aliantza) eta nazioarteko zenbait herrialde kontra agertu diren arren. Halaber, emaitzak "manipulatu" izana salatu du Venezuelako hauteskundeetako boto sistemaz arduratu den enpresak.
Maduroren milaka jarraitzailek legebiltzarrera egin duten bidean, Hugo Chavez Venezuelako presidente ohiaren eta Simon Bolivar politikari venezuelarraren koadro bana eraman dituzte. Izan ere, 2016an, Asanblea Nazionala ideologia politikoz aldatu zenean, bertatik kendu zituzten.
Venezuelako Gobernuaren esku dagoen areto batean ezarri dute Konstituziogilea. Gauzak horrela, oposizioaren gehiengoak bilkurak egiten dituen beste aretotik gertu egongo dira, biak egoitza berean baitaude. Ildo horretatik, Parlamentuan istilu berriak suerta litezke chavisten oposizioaren aldeko kideen artean.
Fernando Soto Rojas buruzagi chavistak lehen bilkuran adierazi duenez, "nazioarteko herrialdeen zapalkuntzari eta Venezuelako burgesiari aurre egiteko" ezarri dute Konstituziogilea.
"Edozein motatako menpekotasunari eta Venezuelako burgesiari aurre egiteko Konstituzio berria ezarri beharra dago", esan du Soto Rojasek ekitaldian.
Milaka chavista bildu dira Caracas hirian, Parlamenturako bidean. Argazkia: EFE
Delcy Rodriguez, Asanblea Konstituziogileko presidentea
Delcy Rodriguez Venezuelako Kanpo ministro ohia izango da Asanblea Nazional Konstituziogileko presidentea. Batzar hori chavistek bakarrik osatzen dute, oposizioak hauteskundeetan parte hartzeari uko egin ostean. Bertan, Konstituzio berria idatziko dute.
Diosdado Cabello buruzagi chavistak egin du proposamena, eta karguaren zina egin duten 538 ordezkarik babestu dute Rodriguezen izendapena.
Asanblea Konstituziogileak bi presidenteorde izango ditu: Aristobulo Isturiz Venezuelako presidenteorde ohia eta Isaias Rodriguez fiskal ohia.
Batzarra larunbat honetan hasiko da lanean
"Ez pentsa asteak, hilabeteak edo urteak itxarongo dugunik, ez. Larunbat honetan bertan hasiko gara Asanblea Nazional Konstituziogilean lan egiten (…) eta herriaren kontrako gerra psikologikoa egiten dutenei azalpenak emateko ordua iritsiko zaie", esan du Rodriguezek.
Asanblea Konsituziogileko presidenteak azaldu duenez, bakarrik chavistek osatzen duten batzar horretan "ez dago bazterketarik". Ildo horretatik, "bazterketaren mezua eskuinak zabaltzen duena" dela azpimarratu du. Era berean, Konstituzio berria "adituek" idatzi beharrean "herritar xumeek" idatziko dutela esan du.
Atzera bota dute Konstituziogilea bertan behera uzteko eskaera
Beste alde batetik, Caracaseko Lehen Auzialdiko epaitegi batek atzera bota du Asanblea Nazional Konstituziogilea bertan behera uzteko Ministerio Publikoak ostegunean jarri zuen helegitea.
"Ministerio Publikoko ordezkariek Asanblea Konstituziogilea bertan behera uzteko egindako eskaera atzera botatzea erabaki du epaitegi honek", jakinarazi du ohar baten bidez Caracaseko Lehen Auzialdiko epaitegi batek.
Atzo, osteguna, Ministerio Publikoko bi fiskalek egin zuten batzar hori bertan behera uzteko eskaera, Asanblea Konstituziogileko kideak aukeratzeko "hauteskundeetan ustez egindako delituak" iritzita.
ak" iritzita.