Krisia Venezuelan
'Matxinada armatuarekin' bat egitea egotzi dio Madurok Fiskaltzari
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako presidentearen arabera, 'justizia' egotea lortuko du Konstituziogileak, 'Fiskaltzaren babesarekin' sortutako 'zauri soziala' sendatzeaz gain.
Joan den apirilaren 1ean Venezuelan protesta oldeak hasi zirenez gero herrialdeak bizi duen "matxinada armatua" babestea leporatu dio Nicolas Madurok Fiskaltzari.
Venezuelako Poliziaren 80. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian egin ditu Madurok adierazpenok, Asanblea Konstituziogilea osatu eta ordu gutxira.
Venezuelako presidentearen esanetan, "justizia" betetzea lortuko du Konstituziogileak, "Fiskaltzaren babesarekin" sortutako "zauri soziala" sendatzeaz gain. Protestak egin dituztenak babestu izana egotzi dio Fiskaltzari azken hilabeteotan.
Luisa Ortega Diaz fiskal nagusiak gogor kritikatu du Maduro; hori dela eta, "traidoretzat" jo du ofizialismoak.
"Hitz egin dezagun garbi, Fiskaltzak justiziarekin bat eginda jardun izan balu, kriminal horiek atxilotuta, zigortuta eta espetxeratuta egongo lirateke aspaldi", adierazi du Madurok. Horrez gain, Konstituziogileak Ministerio Publikoaren kontrola har dezakeela aurreratu du Madurok.
Konstituziogilea "iruzurra" dela salatu du Ortegak. Horrez gain, Madurok Estatua berrantolatzeko martxan jarritako "organo ahalguztidun hau" Gobernuaren tresna dela ohartarazi du, "sistema pertsonalista eta totalitarioa" ezartzeko.