Sanatik gertu
30 pertsona baino gehiago hil dituzte Yemengo hotel batean, aire erasoan
Agentziak | Erredakzioa
Duela bi urtetik gerran daude herrialde horretan nazioarteko koalizioaren babesa duen Gobernua eta huthiak, Iranen eta Ali Abdula Sale presidente ohiaren aldekoen babesa dutenak.
30 pertsona baino gehiago hil dira gaur, asteazkenean, Sana Yemengo hiriburuaren iparraldean, hotel baten kontrako aire eraso batean, huthiek, hiriburuaren kontraola duten errebeldeek, iragarri dutenez.
Reuters albiste agentziak galdetuta, hainbat osasun langilek esan dute gutxienez 35 pertsona hil direla eta 13 zauritu.
Oraindik ez dute argitu bonbardaketa nork egin duen, baina Saudi Arabiak du Yemengo aire espazioaren kontrola, eta AEBk hainbat eraso egin dituzte aurretik ere, droneak erabiliz, “helburu terroristen aurka”.
Herritarren % 80k “premia larria” du
Yemenen gerran daude, duela bi urtetik, Abdo Rabu Mansur Hadiren Gobernua, nazioarteko koalizioaren babesa duena, eta huthiak, Iranen eta Ali Abdula Sale presidente ohiaren aldekoen laguntza dutenak.
Gatazka armatuak krisi humanitario sakona ekarri du lehenago ere Golkoko herrialderik txiroena zenera. NBEren arabera, yemendarren % 80k permia humanitario larriak dituzte.