Itxi

Denboralea

Harvey urakana: 20 hildako, lapurretak eta leherketa arriskua Texasen

agentziak

Leer en Castellano

Litekeena da hildako kopurua igotzea datozen egunotan, erreskateak ez baitira bukatu oraindik. Larrialdi egoeraz gain, etxeratze-agindua ezarri dute, arpilatzeak eta lapurretak saihesteko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Harvey urakanak, Texasen inoiz izandako denboralerik lazgarrienetakoak, kronikak ilundu, kalteak areagotu eta aurreikuspenak okertzen ditu, egunek aurrera egin ahala.

Hango agintariek 20ra igo dute Harvey urakanak Texas hegoaldean hildako pertsonen kopurua, baina, onartu dutenez, litekeena da kopuruak gora egitea datozen egunotan, erreskateak eta euriteak ez direlako oraindik bukatu.

Huoston Chronicle egunkariak jasotako datuen arabera, horietako zortzi Harris konderrian hil dira (Houston hiria han dago), euriek eta uholdeek gehien kolpatutako lekua baita.

Bestalde, Texaseko Suhiltzaileek Arkema S.A. zentral kimikotik 2,5 km-ra bizi diren pertsona guztiak irtetea agindu dute, Harris Texaseko konderrian, leherketa arrisku handia dagoelako, urakana igaro ostean.

Agintariek esan dutenez, enpresak lantegiko behargin guztiak atera ditu eta egoera "larria" dela adierazi du ohar baten bidez.

Etxeratze-agindua arpilatzea saihesteko

Sylester Turner Houstoneko alkateak etxeratze-agindua ezarri du gauerako arpilatzeak berriz egitea ekiditeko.

Neurri berezia hango gauerdian hasi (05:00 GMT) eta asteazkeneko 05:00etan (10:00 GMT) bukatuko da.

Ez dute agindua derrigorrez bete behar larrialdietako langileek, babes bila dauden pertsonek, boluntarioek edo lanetik bueltan edo bidean daudenek, esan du alkateak.

Turnerren esanetan, etxeratze-aginduaren helburua "lapurretak eta arpilatzeak ekiditea" da.

 

 

Bideoak (2)