Etorkinen drama
Errefuxiatuentzat legezkoak eta seguruak diren bideak eskatu ditu CEARek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeak ohartarazi duenez, errefuxiatuei oztopoak jartzeak "hildako kopuruaren gorakada ekarriko du".
Errefuxiatuentzat legezkoak eta seguruak diren bideak eskatu ditu Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR). Gainera, giza-mugikortasunaren benetako arrazoiak kontuan hartzeko eta bizilagunen bizitza lehenesteko eskatu die Europako agintariei.
Aylan Kurdi hiru urteko errefuxiatu siriarraren heriotzaren bigarren urteurrenaren harira kaleratu du agiria CEARek. Turkiako kostaldean hilik aurkitu zuten Aylan haurra 2015eko irailaren 2an, eta haren argazkiak munduari buelta eman zuen.
"Euren herrialdeetan bizi diren arrisku-egoerengatik zeharkatzen dute itsasoa errefuxiatuek, eta horiei oztopoak jartzeak hildako kopurua handitzea ekarriko du", ohartarazi du Estrella Galan CEAReko idazkari nagusiak.
Erakunde horrek salatu duenez, Aylan haurraren gurasoek asilo-eskaera egin zuten Kanadako enbaxadan, baina ez zioten eman. "Bidaia modu seguruan egiteko aukera eman izan bazitzaien, beharbada gaur ez genuke izango umearen hilotzaren oroitzapen hori. Borondate politiko faltaren ondorioz, milaka lagunek jarraituko dute euren bizitza itsasoan arriskuan jartzen", salatu du CEARek.
Errefuxiatuak hartzeko konpromisoei dagokienez CEARek esan duenez, Europar Batasuneko herrialdeek 182.504 errefuxiatu hartu behar dituzte irailaren 26a baino lehen, eta oraindik 140.000 inguru falta dira. Gutxienez 6.671 hil edo desagertu dira Mediterraneoan Europara heltzeko saiakeran.