Urakana
Irmak uholdeak utzi ditu Dominikar Errepublikan, eta Haitira bidean da
Agentziak | Erredakzioa
Urakanaren begia datozen orduetan helduko da Haitiko kostaldearen iparraldera. Matthew zikloiak astindu zuen iaz Haiti, eta herrialdea oraindik ez da bere onera etorri.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Irma urakanaren begia Dominikar Errepublikako kostaldearen iparraldean mugitzen ari da gaur. Euri-jasa indartsuek uholdeak utzi dituzte bertan. Haitiko kostaldearen iparraldera helduko da datozen orduotan. Matthew zikloiak astindu zuen iaz Haiti, eta herrialdea oraindik ez da bere onera etorri.
Irma “arriskutsua” Puerto Platatik 95 kilometrora zegoenean, 26 kilometro orduko abiaduran zihoan eta 280 kilometroko orduko haize ufadak zituen, Meteorologia Bulego Nazionaleko (Onamet) azken txostenaren arabera.
Goizeko lehen orduetan euri-jasak indartsuagoak izan dira Santiagon, herrialdeko bigarren hirian. Uholdeak izan dira bertan, baita Puerto Plata, Samana eta Punta Cana turistikoetan ere.
Urakanaren ondorioz, 6.800 pertsona baino gehiago ebakuatu behar izan dituzte, Larrialdietarako Operazio Zentroak jakitera eman duenez. Herrialdeko probintzia gehienak alerta gorrian daude, 32tik 24.
"Okerrena ez da pasatu"
Juan Manuel Mendez Larrialdietarako Operazio Zentroko zuzendariaren hitzetan, “okerrena ez da pasatu”; izan ere, Irma Turk eta Caico uharteetara hurbiltzen denean, “urakanaren isatsak lurralde nazional osoa astinduko du” eta uholdeak eragin ditzake.
Dominikar Errepublikako Gobernua 900.000 pertsona artatzeko opoerazioa jarri du martxan. Gainera, Punta Cana, Puerto Plata, Samana eta Santo Domingoko hoteletan, segurtasun eta prebentzio protokoloak prest ditu.
Urakanaren begia datozen orduetan helduko da Haiti iparraldera, eta, hori dela eta, uhartea alerta gorrian dago. Begi-bistakoak dira oraindik bertan Matthew urakanaren ondorioak. Iazko zikloiak 573 hildako, milaka kaltedun eta kalte ugari utzi zituen.