Itxi

URAKANA

Irmak gutxienez 20 hildako eta kalte handiak eragin ditu Karibe aldean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Irma urakanaren begia Haitira bidean da, eta asteburuan Floridara iristea aurreikusten da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Irma urakanak gutxienez 20 hildako eta kalte handiak eragin ditu Karibeko hainbat herrialdetan. Urakanaren begia Haitira bidean da dagoeneko, eta asteburuan Floridara iristea aurreikusten da.

Orduko 290 kilometroko haize-bolada bortitzek kalte material handiak eragin dituzte Karibeko hainbat uhartetan, San Martinen, Birjina uharteetan eta Barbudan, kasu. Gaston Browne Barbudako lehen ministroak adierazi duenez, herrialde osoa suntsituta gelditu da.

Oraingoz, Karibeko artxipelagoak astindu ditu gehien, eta milaka pertsonak etxetik alde egin behar izan dute. Kalteen balantze ofizialaren zain, inguruko gobernu guztien esanetan, kalte handiak izan dira.

Birjina uharteetan, ospitale bat erabat suntsituta gelditu da, eta Aingiran, berriz, osasun zentroak eta aireportua ere kaltetu dira, eta argindar eta telefono mozketak izan dira.

Daniel Gibbs San Martin uharteko frantziar aldeko presidenteak adierazi duenez, uhartearen % 95 suntsituta dago.

La Española uhartean ere eragin ditu kalteak urakanak. Halaber, arrisku guneetan bizi diren herritarrei babesguneetara joateko eskatu die Jovenel Moise Haitiko presidenteak, eta euren kabuz egin ezean indarrez eramango dituztela iragarri du.

Bestalde, Kubako agintariek uhartearen iparraldeko milaka lagun ebakuatzeko agindua eman dute.

Albisteak (4)

Bideoak (1)