Itxi

URAKANA

Irmak herrialdea suntsituko duela iragarri du AEBko Larrialdi Agentziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bestalde, Munduko Meteorologiaren Erakundeak adierazi duenez, Irma urakana da Ozeano Atlantikoan inoiz sortu den urakanik handiena.

Floridako herritarrak etxeak eta eraikinak babesten ari dira, Irma urakanaren zain. Argazkia: EFE

FEMA AEBko Larrialdien Kudeaketarako Agentzia Federalak ohartarazi duenez, Irma urakanak herrialdea suntsituko du, zehazki, Florida estatuan lur hartzen duenean.

"Irma urakanak mehatxu bat izaten jarraitzen du eta Florida edota hego-ekialdeko estaturen bat suntsituko du", adierazi du Brok Long FEMAko buruzagiak. Gaineratu duenez, AEBko agintariak ekaitzari erantzun masibo bat emateko prestatzen ari da. Aurreikuspenen arabera, larunbatean ukituko du lurra urakanak.

Prentsaren aurrean Longek ziurtatu duenez, Floridako hainbat gune argindarrik gabe gera daitezke egun batzuetan Irmaren eraginez eta litekeena da 100.000 pertsona baino gehiagok aterpea behar izatea.

Brok Longen esanetan, estatubatuarrek ebakuazio aginduak bete behar dituzte: "Entzun, ohartarazpenak obeditu eta alde egin behar dute", nabarmendu du.

Irma, Ozeano Atlantikoan inoiz sortu den urakanik handiena

Munduko Meteorologiaren Erakundeak adierazi duenez, Irma urakana da Ozeano Atlantikoan inoiz sortu den urakanik handiena. Ia 300 km/h-ko haize boladak neurtu dira eta bere aurreko zortzi zikloiek eragindako energia baino gehiago sortu du.

Irma urakanak bosteko indarra zuen Saffir Simpson eskalan, baina azken orduetan laura jaitsi da.

Aipaturiko urakanak hainbat marka hautsi ditu, tartean intentsitate eta sortutako energiari dagozkionak. Ia 300 km/h-ko haize ufadak eragin ditu 37 orduz jarraian. Halaber, pilatutako energiari lotutako errekorrak ere gainditu ditu; izan ere, bere aurreko Atlantikoko zortzi zikloiek sortutako energia baino gehiago sortu du zazpi egunetan.

Irmaren gaitasun suntsitzaile “historikoaz” ohartarazi du Trumpek

Irma urakanak “gaitasun suntsitzaile historikoa” duela ohartarazi du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Ekaitzak lurra ukituko du Floridan, asteburu honetan.

“Ekaitzaren bidean dagoen mundu guztiari kontuz ibiltzeko eta gomendioak jarraitzeko eskatu nahi diot”, adierazi du Trumpek sare sozialetan zabaldutako bideo batean. “Herritarren segurtasuna baino gauza garrantzitsuagorik ez dago”, gaineratu du.

“Irma urakana erraldoia da, baliteke sekula ikusitako handiena izatea”, onartu du presidenteak Twitter sare sozialean, bideoa argitaratu baino ordu batzuk lehenago.

Albisteak (4)