Urakana
Irma urakana Floridako Kaioetarako bidean da
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 20 hildako utzi ditu Karibeko hainbat herrialdetan, eta kalte material handiak eragin ditu hainbat uhartetan. Igandean Floridara iritsiko da.
Miamik azkenean Irma urakanaren astindua ekidin ahal izango duela dirudi, norabidea aldatu eta Florida hego-mendebaldera doalako. Hori dela eta, ebakuazio-aginduak areagotu dituzte agintariek.
Irma Kuba iparraldera heldu zen ostiral gauean, 3. mailara gutxituta. Kaioetan nabaritu dute gaur, nahiz eta igande goizean iristea aurreikusi duten. Florida iparraldean ere antzeman dute, eta hara igande arratsaldean edo gauean espero dute.
Irma Atlantikoan inoiz izandako urakanik bortitzena da, eta kalte material handiak eragin ditu Karibeko hainbat uhartetan, San Martinen, Birjina uharteetan eta Barbudan. Gutxienez 20 hildako utzi ditu Karibeko hainbat herrialdetan.
Floridako Gobernuak etxetik ateratzeko agindua eman die 6,3 milioi pertsonei
Irmak ekar ditzakeen arriskuak direla eta Floridako Gobernuak etxetik ateratzeko agindua eman die kostaldetik gertu bizi diren 6,3 mili pertsonei, Andrew Sussman Estatuko urakanen inguruko programaren arduradunak.
"Gauez ez. Ordubete barru ezta ere. Orain", esan du Rick Scott Floridako gobernadoreak. Ildo horretatik, etxetik irten eta Gobernuak prestatutako aterpeetara lehenbailehen joateko beharraz ohartarazi du Tallahassee hiriburuan egindako agerraldian.
AEBko Urakanen Zentro Nazionalak (CNH) kaleratutako azken txostenaren arabera, Irma mendebaldetik iritsiko litzateke Florida kostaldera.