Venezuela
Gobernua eta oposizioa 'gai nagusi batzuk konpontzetik gertu' daude
Agentziak | Erredakzioa
Elkarrizketarako epe berria onartzen duela esan du Nicolas Maduro presidenteak, baina oposizioaren koalizio nagusia ez da elkarrizketa horietan parte hartzen ari.
Venezuelako Gobernua eta oposizioa "gai nagusi batzuk konpontzetik gertu" daudela esan du Jorge Rodriguezek, Gobernuak oposizioarekin elkarrizketak abiatzeko bidali duen ordezkaritzako buruak.
"Hitz egitea da elkar ulertzeko modua, eta horretara etorri gara, hitz egitera, erabakiak hartu eta akordio bat adosteko", esan dio Venezuelako El Universal egunkariari Rodriguezek, Dominikar Errepublikara heldu ondoren.
Bien bitartean, Julio Borges opositoreak eta Parlamentuko presidenteak jakitera eman duenez, Batasun Demokratikoaren Mahaiak, oposizioko alderdi nagusiak, ez du elkarrizketetan parte hartuko Nicolas Maduroren Gobernuak azken hilabeteetan eskatutako "baldintzak" betetzen ez dituen bitartean.
Elkarrizketei berriro ekiteko, asteazken honetan biltzekoak ziren Nikolas Maduroren Gobernuaren eta Venezuelako oposizioaren ordezkariak, Dominikar Errepublikan, Danilo Medina presidente dominikarraren eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren babespean.
"Esandakoa errepikatzen diot Venezuelari eta nazioarteari: ez da elkarrizketarik egongo Batasunaren oharrean zabaldutako baldintzak bete arte", jakinarazi du Borgesek Twitterren, oposizioko koalizioak eskatutako baldintza nagusien harira.
Pdte.AN @JulioBorges: Reiteramos a Vzla y al mundo que hoy (13/9) no hay diálogo, y no lo habrá sin condiciones. https://t.co/uITZUhoPPd pic.twitter.com/ywlFbyMNoE
— Asamblea Nacional (@AsambleaVE) 13 de septiembre de 2017
Ildo horretan, Gobernuak hauteskundeetarako egutegia prestatzeko, "preso politikoak" askatzeko eta oposizioaren funtzionarioen aurkako inhabilitazioak bertan behera uzteko eskatu du.
Bestalde, Venezuelako Gobernuko zenbait ordezkari heldu dira Dominikar Errepublikara elkarrizketei berriro ekiteko; besteak beste, Delcy Rodriguez Asanblea Naziolaneko presidentea eta Atzerriko ministro ohia. Nicolas Maduro presidenteak berak ere "elkarrizketarako epe berria onartzen" duela esan du.
duela esan du.