Itxi

Tentsioa Asian

Japoniatik gertu jausi den misila jaurti du berriro Ipar Koreak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Piongiangek horren moduko beste bat jaurti zuen abuztuan. NBEren Segurtasun Kontseiluak urgentziazko bilera deitu du gaurko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ipar Koreak Japonia iparraldean jausi den misil bat jaurti du ostegun honetan, bigarrena abuztutik, Seulgo eta Tokioko agintariek jakinarazi dutenez. Ez da kalterik izan.

"Ipar Koreak identifikatu gabeko misil bat bota du Piongiang ekialdetik", esan du Hego Koreako Estatu Nagusiak ohar batean. Seulen datuen arabera, misilak 3.700 kilometro egin ditu, 770 kilometroko altuera harrapatuta.

Euskal Herrian gauerdia zenean (Japonian, 07:00ak) jaurti omen du misila Piongiangek. Japoniako Hokkaido uharte gainetik igaro da, eta Ozeano Bareko uretan jausi.

NBEren Segurtasun Kontseiluak urgentziazko bilera deitu du gaurko. Ateak itxita egingo dute batzarra, 15:00etatik aurrera (19:00 GMT).

Japoniaren eta AEBren erantzuna

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak gogor salatu du Ipar Korearen "probokazioa". Horren hitzetan, bere herrialdeak "ez du inoiz onartuko munduko bakeari mehatxu egiten dioten probokazio arriskutsuak". NBEren Segurtasun Kontseiluak Piongiangen kontra hartutako neurriak gogorarazita esan duenez, "ez dugu onartuko bakearen alde NBEk emandako erantzun irmo eta bateratua zapaltzea".

AEBk ere, Ipar Korearen jaurtiketa gaitzetsi du. Rex Tillerson Estatu idazkariak Piongiangen kontrako "neurri gehiago" hartzeko eskatu dizkie "nazio guztiei".

Misil horren ibilbidea eta altuera kontuan hartuta, irismen ertaineko misila zen Ipar Koreak jaurtitakoa, baina Hego Koreak ez du baztertu kontinente arteko misila izatea.

Abuztu amaieran horren antzeko bete misil bat jaurti zuen Ipar Koreak.

Hego Koreak ere misilak jaurti ditu, erantzun gisa

Ipar Koreak berea jaurti eta minutu gutxira, Hego Koreako Armadak 'Hyunmoo-2' motako bi misil bota ditu, eta, Seulgo iturrien arabera, horietako batek "helburu bat" jo du, "zehaztasun osoz", gainera.

'Hyunmoo-II' motako misila, Hego Koreako Defentsa Ministerioak bidalitako argazki batean. EFE

Albisteak (4)

Bideoak (1)