Bangladesh
Bangladeshen errefuxiatutako rohingyak, osasun krisiaren mehatxupean
Agentziak | Erredakzioa
Errefuxiatu eremuetatik, Mugarik gabeko Medikuek eta NBEk ohartarazi dute osasun mailako arrisku bizian daudela Birmanian zapaldutako gutxiengo etniko horretako gizon-emakumeak.
Myanmarko Armadari ihes egin, hainbat egunez euripean oinez ibili eta beste herrialde batean ahal duten tokian bizitzen jarri eta gero, rohingyek beste mehatxu bati aurre egin behar diote orain Bangladeshko errefuxiatu eremuetan, gaixotasunari, osasun krisi bat zabaltzeko arriskua handia baita bertan, hainbat osasun erakunderen eta NBEren arabera.
Myanmartik Bangladesherako exodoa hasi zenetik hiru aste pasatu direnean, indarkeriatik ihesi ospa egindako 412.000 errefuxiatuak oso egoera txarrean bizi dira, eta ezingo dute horrela luzaroan jarraitu.
“Ez nago seguru jendeak hemengo krisiaren tamainaren berri ote duen”, esan du Robert Onus Mugarik gabeko Medikuen Larrialdien koordinatzaileak Balukhaliko kanpamentuaren sarreratik metro batzuetara.
Arduradun horren hitzetan, kanpamentuetako baldintzak “oso prekarioak” dira, dendak “olanezko estalkiak dira, banbu makilen gainean”, eta, horren guztiaren gainetik, ez dago ez ur garbirik ez komunik.
Txertatzen kanpaina
15 urtetik beherako 150.000 rohingya elgorriaren, errubeolaren eta poliomielitisaren aurka txertatzen dihardute Bangladeshko errefuxiatu eremuetan.
Kanpainak astebete iraungo du, eta Bangladeshko Osasun Ministerioa ari da gidatzen, UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren eta Munduko Osasun Erakundearen laguntzarekin.