DOKUMENTAZIOA
Rohingyak: eskubiderik eta lurrik gabeko musulmanak
ERREDAKZIOA
Myanmarren bizi dira, baina Gobernuak ez die hiritartasuna aitortzen, Bangladeshetik iritsitako legez kanpoko immigranteak direla esaten du eta oinarrizko eskubideak ukatzen dizkie.
Rohingyek herri musulman txiki bat osatzen dute. Guztira, 1,1 milioi dira eta Rakain estatuan bizi dira, Myanmarren, Bangladesheko mugatik hurbil.
Belaunaldiak dira Myanmarrera iritsi zirenetik. Hala ere, Gobernuak Bangladeshetik iritsitako legez kanpoko immigranteak diela dio eta ez ditu hiritar bezala aintzat hartzen.
Amnistia Internazionalak zabaldutako datuen arabera, diskriminatuta eta baldintza negargarrietan bizi dira. Gainerako herritarrengandik banatuta daude, ezin dira askatasunez mugitu, osasun asistentzia mugatuta dute eta eskolara joateko eta lana izateko oztopoak jartzen dizkiete.
Horrez gain, ezkontzea eta bi seme-alaba baino gehiago izatea debekatuta dute eta ez dute eskubiderik lur-sailak edo ondasunak izateko.
Rohingyen jatorriak eztabaida pizten segitzen du. Haiek Rakain estatuko (Arakan, iraganean) indigenak direla esaten dute; beste batzuek, berriz, Bangladesheko musulmanak direla diote, britainiarren okupazioaren ondorioz Myanmarrera ihes egin zutenak.
1948an Myanmarrek independentzia lortu zuenetik gaur arte, errepresioa eta eskubide urraketak etengabe pairatu dituzte.
Azken urteotan, Myanmar diktadura militarretik demokraziarako trantsizioa egiten ari da eta hobekuntza asko eman badira ere, rohingyen egoera ez da aldatu.
2012ko ekainean eta urrian, muturreko talde budistek hainbat eraso egin zituzten Rakain estatuan. 140 rohingya inguru hil eta ehunka etxe suntsitu zituzten, su emanda. Gauzak horrela, 100.000 musulman ihesean joan ziren.
2017ko abuztuaren 25ean, ronhingyek osatutako talde armatu batek Myanmarreko segurtasun indarren kontrako erasoa egin zuen eta horrek Gobernuak indarkeria gehiagoz erantzutea ekarri zuen.
Alabaina, Amnistia Internazionalaren arabera, Myanmarreko Armadaren erantzuna "neurrigabea izan da, herritar guztiak etsaitzat jo dituelako".
"Hainbat zibil hil dituzte eta herri asko kiskali dituzte", ohartarazi du.
Myanmarreko Gobernuak aitortu du joan den abuztuaren 25etik hona gutxienez 400 pertsona hil dituztela.
Bestalde, 400.000 baino gehiago dira azken asteotan Bangladeshera ihes egin duten rohingyak.