Karibe
Maria urakanak Puerto Ricorako eta Antilla Txikietarako bidea hartu du
agentziak
Orduko 260 kilometroko haizeak ditu eta Dominikan kalte ugari eragin ditu; Donald Trumpek larrialdi egoera ezarri du dagoeneko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maria urakanak Dominika uhartea astindu du, eta kalte ugari eragin ditu. Saffir-Simpson eskalan 5. mailako indarra hartu du berriro eta Puerto Ricorako bidean da, Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak (NHC) jakinarazi duenez.
Mendebalderako eta ipar-mendebalderako bidean doa orain orduko 15 kilometroan. Haize boladen indarra areagotu ditu eta orduko 260 kilometroko ufadak jasotzen ari dira.
Astebetean bi urakani egingo diote aurre Puerto Ricok eta Antilla Txikiek, eta "katastrofikoa" izan daiteke, adituen ustez.
Urakan-abisua indarrean dago Dominikan, Guadalupen, Birjina Uharte Estatubatuarretan, Birjina Uharte Britainiarretan, Puerto Ricon eta Saint Kitts eta Nevisen.
Frantziak urakan abisua bertan behera utzi eta ekaitz tropikalen berri emateko abisua ezarri du Martinikan, Maria uhartearen iparraldetik igaro eta Dominikarako bidea hartu ostean.
Antza denez, Maria Puerto Ricora helduko da astearteko azken orduan. Bertan, urakan alerta dago indarrean, "bizitza arriskuan jartzeko gauza den ekaitza" delako, olatu handiak, luiziak eta euriteak eraginda, eta itsas maila igoarazita.
Roosvelt Skerrit Dominikako lehen ministroak jakitera eman du erreskatatu behar izan dutela Maria urakanak uhartea astindu eta bere etxebizitzan kalteak eragin eta gero.
Facebooken argitaratutako zenbait mezutan azaldu duenez, "urakanaren esku" zegoen erabat, eta ura bere etxea hartzen ari zen. "Sabaia desagertu egin da", esan du.
Apur bat lehenago kaleratu duen mezuaren arabera, "inork ez du lo egingo Dominikan", eta etxetik kanpo zer gertatzen ari zen ez zekiela erantsi du. "Ez gara begiratzera ausartzen. Haizea eramaten ari den sabaien zarata besterik ez dugu entzuten. Otoitz egiten ari gara haizearen haserrearen soinua lehenbailehen buka dadin", azaldu du.
Ricardo Rossello Puerto Ricoko gobernadorearen hitzetan, Donald Trump AEBko presidenteak larrialdi egoera ezarri du Puerto Rico eta Birjina Uharte Estatubatuarretan, Maria urakanaren arriskuagatik.
Hala, AEBko Segurtasun Nazionaleko Departamentuak eta Larrialdiak Kudeatzeko Agentzia Federalak larrialdiko laguntzak koordinatuko dituzte, Puerto Ricoko Gai Federaletarako Administrazioak Washingtonen duen egoitzak zabaldutako ohar baten arabera.