Urakanak Atlantiko itsasoan
Maria urakana Puerto Ricora heldu da
Agentziak | Erredakzioa
Hego-ekialdetik sartu da, Yabucoa udalerritik gertu, eta itsas-mailak 1,3 metro gora egin du. Gaur gauean edo bihar goizean helduko da Dominikar Errepublikara.
Maria urakana hego-ekialdetik heldu da gaur Puerto Ricora, 06:15ean (EAEn 11:15ean). Saffir-Simpson eskalan 4ko indarrarekin heldu da eta orduko 250 kilometroko haizete bortitzak jaso dituzte, AEBko Urakanen Zentro Nazionalak (NHC) jakitera eman duenez.
Yabucoa udalerritik gertu sartu da Maria Puerto Ricon eta itsas-mailak 1,3 metro gora egin du herri horretan. Hala ere, zikloiak indarra galdu egin du eta haizeteak orduko 30 kilometroan txikitu dira.
Egunean zehar gurutzatuko du uhartea, eta "oso arriskutsua" dela esan du AEBko Urakanen Zentro Nazionalak, Saffir-Simpson eskalan 4ko maila baitauka.
Bestalde, gaur gauean edo bihar goizean helduko da Maria Dominikar Errepublikara, baina ordurako gutxika indarra galtzen joatea espero dute.