Itxi

AEB - IRAN

Iranekiko akordioa deuseztatzeko mehatxua egin du Trumpek, aldatu ezean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Trumpen Gobernuaren erabakiak Washingtonen eta Teheranen arteko tentsioa areagotuko du.

Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidenteak gaur iragarri duenez, bere bermea erretiratu dio Iranekin 2015ean lorturiko akordio nuklearrari, eta hitzarmena behin betiko apurtzearekin mehatxu egin du, hilabete gutxiren buruan aldatzea lortzen ez badu. "Kongresuarekin eta gure aliatuekin konponbide bat lortzen ez badugu, akordioa baliogabetuko dugu", azpimarratu du.

Trumpek agerraldia egin du gaur Iranekin 2015ean lorturiko akordio nuklearrari buruz hitz egiteko eta AEB inoiz inplikatu den "akordio txarrenetakoa" dela esan du. Gaineratu duenez, Iranek "hainbat konpromiso "urratu" ditu eta, hori dela eta, Kongresuaren esku utzi du hitzarmenaren geroari buruzko erabakia.

Kongresuak Iranekiko akordioari buruz hitz egitera behartzen du Donald Trump, 90 egunez behin. Etxe Zurira heldu zenetik birritan gaiari buruzko bere iritzia eman badu ere, oraingoan testua zuzentzeko eta "marra gorriak" jartzeko eskatu die legegileei, konpromisoak urratuz gero, "automatikoki" Irani zigorrak ezartzeko.

AEBko presidenteak iragarri duenez, Iranekiko estrategia eta harremanak berraztertuko ditu.

Trumpek bertan 12:45ak direnean hasi du hitzaldia (18:45 Euskal Herrian), eta teknikoki Iran akordioa betetzen ari bada ere, hori ez dela AEBren interes nazionalekoa adierazi du.

AEBk Irango Iraultzaren Guardia zigortu du, terrorismoa babestea egotzita

AEBko Gobernuak Irango Iraultzaren Guardia zigortu du (IRGC ingelesez), terrorismoa babestea egotzita. Donald Trump AEBko presidentearen erabakiak Washignton eta Teheranen arteko tentsioa areagotuko du; izan ere, Teheranek dagoeneko esana du AEB "herrialde terroristatzat" joko duela baldin eta talde horren kontra egiten badu.

"Irango Iraultzaren Guardia zigortzeko eta bere funtzionarioei zein filialei zigorrak ezartzeko baimena ematen diot Altxorraren Departamentuari, terrorismoa babesteagatik", adierazi du.

Irango Iraultzaren Guardia talde terroristen zerrendan sartzeko pausorik eman ez badu ere, talde terroristak babesten baditu zigorrak ezartzeko eskatu dio.

Erreakzioak

Hasan Rohani Irango presidenteak Emmanuel Macron Frantziako presidenteari gaur ziurtatu dionez, bere herrialdeak bete egingo du 2015. urtean 5+1 Taldearekin sinatutako akordio nuklearra.

Federica Mogherini Europar Batasunaren diplomazia arduradunaren esanetan, ez dago akordioa berriro negoziatzeko inolako aukerarik eta nazioarteko komunitateak aplikatzen jarraituko du. Mogherinik adierazi duenez, AEBko presidenteak ez dauka "botererik", bere kabuz, sinatutako konpromisoak hausteko.

Frantzia, Alemania eta Erresuma Batuko buruzagiek ohar bateratu bat argitaratu dute Trumpen iragarpena "gogoan hartuko" dutela esanez. Erabakiak izan ditzakeen ondorioez kezkatuta agertu dira eta, horren aurrean, beren herrialdeek akordioarekiko duten konpromisoa berretsi dute.

Bestalde, Errusiako Atzerri Ministerioak Trumpen erretorika "erasokor eta mehatxatzailea" kritikatu du, eta atzerri politikako arazoak konpontzeko gisa horretako metodoak erabiltzea "porroterako bide segurua" dela ohartarazi du.

ohartarazi du.