Itxi

'Brexit'a

Erresuma Batuarekin izango dituen harremanak zehazten hasiko da EB

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

'Brexit'aren harira, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko negoziazioetan bigarren fasera igarotzeko moduan ez daude oraindik; hala ere, EBk adostu du fase hori prestatzeari ekingo diola.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Europar Batasuneko liderrek, Erresuma Batukoak izan ezik, adostu dutenez, segituan hasiko dira prestatzen 'brexit'aren bigarren fasearen negoziazioak. Horietan, bi aldeek etorkizunean izango duten harremana zehaztuko dute, baina oraindik ez dute bigarren fase horri ekiteko bezainbeste egin aurrera.

"'Brexit'aren gaineko ondorioak, adostuta. Agintariek bigarren fasea prestatzen hastea hitzartu dute", esan du Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak, Twitter sare sozialean.

Bruselan egiten ari diren goi-bileran, Europar Batasuneko liderrek minutu batzuk bakarrik eman dituzte 'brexit'aren gaineko ondorioei buruz hitz egiten; Theresa May lehen ministro britainiarrak atzo azaldu zien bere jarrera.

Michel Barnier Europako Batzordeko negoziatzaileen buruak aurreikusitakoa hartu dute kontuan estatuburu eta gobernuburuek; hain zuzen ere, azken horrek bi aldeen arteko azken negoziazio-txanda amaitutakoan, urriaren 12an, baieztatu zuen ez zuela gomendatzerik herrialdeei bigarren fasera igarotzea. Barnierrek argudiatu zuen lehen fasean ez zegoela oraindik behintzat nahikoa aurrerapenik.

Euren ondorioetan, liderrek onartu egin dute aurrerapenak izan direla, baina "lortutako adostasuna sendotzeko lanean jarraitzea" eskatu dute, ahalik eta lasterren ekin ahal izateko bigarren faseari.

Europar Batasuneko kideek abenduko goi-bileran egoera berriro aztertzeko konpromisoa hartu dute. Lehen negoziazio-fasean lehentasuna duten hiru arlo eztabaidatu dituzte: Ipar Irlandako egoera, britainiarrek Europar Batasunean izango dituzten eskubideak (baita europarrek Erresuma Batuan izango dituztenak ere) eta Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko finantza-akordioa.

May: "Azken akordioarekin batera jakingo dugu 'brexit'aren azken faktura nolakoa den"

Theresa May lehen ministro britainiarraren arabera, 'brexit'aren azken fakturaren zenbatekoa "azken akordioaren zati bat izango da", ez baitago lehenago jakiterik. Mayren iritziz, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak aukera dute hitzarmen "ona" adosteko.

"Oso argi utzi dut, hasieratik: azken faktura etorkizunean adostuko dugun azken akordioaren zati bat bezala gauzatuko da", adierazi du Mayk, prentsaurrekoan.

Erresuma Batuko gobernuburuak berretsi duenez (Florentzian ere gogorarazi zuen), "inork ez du zertan egon kezkaturik egungo aurrekontu-eremuagatik, edo Erresuma Batua irteteak gehiago ordaintzea edo gutxiago jasotzea ekartzeko aukeragatik". "Kideak izan garenean hartutako konpromisoak errespetatuko ditugu", azaldu du.

Albisteak (6)

Bideoak (1)