rohingyak
Rohingyen ihesa, 90eko hamarkadaz geroztik krisi humanitario larriena
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko komunitateak 335 milioi dolar hitzeman ditu, Myanmarretik Bangladeshera bi hilabetean ihes egin duten 600.000 errefuxiaturi laguntzeko.
Azken bi hilabetean 600.000 rohignyak baino gehiagok ihes egin dute Myanmarretik Bangladeshera, errepresiotik ihesi. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundearen esanetan, 90eko hamarkadaz geroztik izandako ihesik handiena eta krisi humanitario larriena da, garatzen ari den azkartasunagatik eta tamainagatik. Bestalde, nazioarteko komunitateak 335 milioi dolar hitzeman ditu errefuxiatu horiei laguntzeko.
Nazio Batuen Erakundeak rohingya etniari laguntzeko egindako 434 milioi euroko laguntzari erantzunez, bilera egin dute gaur Genevan. Diru horrekin, datozen lau hilabeteetan milioi bat pertsona baino gehiagori laguntzea dute helburu.
"Diru hori oso erabilgarria izango da inoiz izandako desplazamendu krisi larrienetako bati erantzuna emateko", esan du Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak bilera amaitutakoan.
Nazio Batuen Erakundeko 35 estatuk eta hainbat erakundek dirua hitzeman dute eta beste herrialde batzuek, berriz, datozen egunetarako agindu dute Myanmarretik ihesi joan direnei laguntzeko dirua. Ildo horretan, dirua azkar lortzearen garrantzia azpimarratu dute Nazio Batuen Erakundeko funtzionarioek.
Aipaturiko dirua pasa den abuztuaren 25etik Myanmarretik Bangladeshera joan diren 600.000 rohingyen nahiz aurreko hilabeteetan ihes egin zuten 300.000 errefuxiatuei laguntzeko erabiliko da.
"Munduko desplazamendu krisirik azkarrena da. Oinarri etnikoa duen amesgaiztoa da. Egunero, 1.000 eta 3.000 lagun artean heltzen dira", salatu du William Lacy Swing OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeko zuzendari orokorrak. Gaineratu duenez, denbora gutxian, milioi bat pertsona baino gehiagok beharko dute laguntza.