Venezuela
Madurok Venezuelako kanpo-zorra berregituratuko du
Agentziak | Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak murrizketa bortitzak ezarri dizkio, besteak beste, sendagaiei eta beste hamaika ondasunen inportazioei, kanpo-zorrari aurre egin ahal izateko.
Kanpoarekiko zorra berregituratzeko agindua eman du ostegun honetan Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak. Ildo horretan, PDVSA Estatuko petrolio-enpresari zor dizkion 1.121 milioi dolar (961 milioi euro inguru) ostiral honetan ordainduko dizkiola jakinarazi du, gaur amaitzen baita dirua ordaintzeko epea.
"Ostiralean 1.121 milioi dolar ordaindu behar dizkiogu PDVSA enpresari 2017ko bonuagatik, eta badaukat dirua betebehar hori betetzeko", esan du Madurok.
Behin ordainketa hori eginda, Venezuelako kanpoarekiko zorraren "berregituraketa" gauzatuko duela esan du, eta herriaren beharrak asetzeko, zorra "berriro formateatuko" duela adierazi du.
"Kanpoarekiko ordainketen berregituraketa egingo dugu oreka lortzeko. Nazioarteko eskemak apurtuko ditugu", esan du Madurok.
Hala ere, presidenteak ez du zehaztu interesei dagozkien 48 milioi dolar (41 bat milioi euro) nola eta noiz ordainduko dituen, graziazko epean sartuko bailirateke.
Venezuelako Gobernuak murrizketa bortitzak ezarri dizkio, besteak beste, sendagaiei eta beste hamaika ondasunen inportazioei, kanpo-zorrari aurre egin ahal izateko, petroliotik etorritako diru-sarrerak murriztu baitira.