Hagan
Venezuelako fiskal ohiak Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu du Maduro
Agentziak | Erredakzioa
Gizateriaren aurkako delituak leporatu dizkio Luisa Ortega Diazek, 2007 eta 2017 urteen artean Venezuelako fiskalak.
Luisa Ortega Diaz Venezuelako fiskal ohiak Nicolas Maduro presidentea eta bere Gobernuko hainbat ministro salatu ditu Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian, gizateriaren aurkako delituengatik. 2007 eta 2017 urteen artean Venezuelako fiskala izan zen Ortega.
"Hilketak, torturak, kartzelaratzeak, eta herritarren aurkako eraso sistematiko eta orokorrak" leporatu dizkie Ortegak.
Horretarako, "1.000 dokumentu baino gehiago" entregatu dizkio Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzari; osasun azterketa legalak, azterketa psikiatrikoak, ikuskatze teknikoak eta biktimekin elkarrizketak, esaterako.
Fiskal ohiaren hitzetan, 2015 eta 2017 urteen artean "8.000 lagun hil eta beste 17.000 pertsona arrazoirik gabe atxilotuak" izan ziren Venezuelan.
"Nazioarteko Zigor Auzitegira jo behar izan dugu Venezuelan ez baitago justiziarik. Ezin zaie gizateriaren aurkako delituengatik zigortu", esan du.
"Gizateriaren aurkako delituengatik, zein Venezuelako herritarrei eragiten ari dieten gosegatik, miseriagatik eta pobreziagatik ordaindu behar dute Nicolas Madurok eta bere Gobernuak”, gaineratu du Ortegak. Ildo horretan, salatuen aurkako nazioarteko atxilotze agindua ere eskatu egin duela esan du.