Itxi

NBE-ren akordioa

Trumpek Migrazioaren Itun Globaletik atera du AEB, ez delako bateragarria politikoki

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Presidente estatubatuarraren esanetan, New Yorkeko Deklarazioaren "planteamendu" nagusia ez da bateragarria AEBko subiranotasunarekin.

Argazkia: EFE

Donald Trumpen Gobernuak alde egin du NBEaren Migrazioaren gaineko Munduko Itunetik, migrazio-politikekin "bateraezina" delako eta, hortaz, bere subiranotasunarekin bateragarria ez dela argudiatuta. Barack Obamaren Gobernuak hartu zuen konpromisoa, aurreko legealdian.

New Yorken Adierazpenean (horretan oinarritzen da ituna) "immigrazioari eta errefuxiatuei buruzko politika estatubatuarrekin, eta Trumpen Administrazioaren immigrazio politikarekin, bat ez datorren disposizio asko daude", esan zuen AEBk NBEn duen ordezkaritzak.

Nazioarteko buruzagiek joan-etorri "ziurragoak, ordenatuagoak eta legalagoak" bermatzeko neurri sorta bat negoziatzea adostu zuten ebazpenean. Testuak 193 herrialderen sinadura jaso zuen.

Ekimena Mexikok eta Suitzak bultzatu zuten, eta Barack Obama presidente estatubatuarraren babesa ere jaso zuen. Gainera, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren iritzian datorren urteko erronkarik nagusienetakoa izango da.

Halere, Trumpek herrialdea itunetik ateratzea "erabaki" zuen, ordezkaritzaren esanetan. Aurreikusi dutenez, itun horrek herrialde guztien babesa jasoko du 2018ko irailean, Batzorde Nagusiak estatuburuekin eta gobernuburuekin egingo duen gailur batean.

Nikki Haley NBErako enbaxadore estatubatuarraren esanetan, New Yorkeko Deklarazioaren "planteamendua" ez da "bateragarria" herrialdearen subiranotasunarekin eta bere Gobernuak erabakiko duela mugak nork eta nola igaroko dituen.

Miroslav Lajcak Batzorde Nagusiaren presidenteak penagarritzat jo du Estatu Batuetako erabakia. Bere ustean, "oinarrizko" aktorea da ituna egiteko orduan, "esperientzia" historikoa duelako, eta nazioarteko etorkin gehien hartzen dituen herrialdea delako.

Gaur, gainera, NBEk Puerto Vallartan (Mexiko) egitekoa den biltzar nagusia prestatu du. Horretan, herrialdeek eskuartean duten informazioa aztertuko da, eta analisi eraikitzailea egiteko asmoa dute.

 

 

Albisteak (1)