Itxi

Tentsioa

Bi hildako eta 300 bat zauritu, Gaza, Zisjordania eta Jerusalemeko protestetan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Israelgo Armadaren esanetan, 30 bat hiri eta herritan izan dira manifestazio bortitzak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gutxienez bi palestinar bat hil dira eta 300 bat zauritu dira Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean ostiral honetan. Izan ere, "Haserrearen Eguna" zegoen deituta Palestinan, Donald Trumpek hartutako erabakia dela eta, alegia, AEBko presidenteak Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortu du eta.

Ashraf al Qedra Palestinako Osasun Ministerioaren bozeramaileak baieztatu du manifestari bat hil dela, eta Osasun Ministerioak beste hildako baten berri eman du ondoren.

Horrez gain, ehunka lagun izan dira zaurituak liskarretan, gehienak Zisjordanian, Gazan eta Jerusalem Ekialdean. Osasun Ministerioaren datuen arabera, 69 lagunek izan dituzte bala zauriak; 271k jaso dituzte kautxuz bildutako balak eta 726 lagun artatu behar izan dituzte gas negar-eragileagatik. Halaber, beste 22 lagunek kolpeak jasan dituzte gasun poteekin. Zauritutakoetatik 170 Gazan izan dira, gehienak munizio erreallarekin. Zaurituetako lau, gainera,  oso larri daude.

Aurretik, Zisjordanian eta Jerusalemen, Ilargi Gorriak emandako datuen arabera (Gurutze Gorriaren baliokidea da), berrehun lagun baino gehiago artatu behar izan dituzte, balek eragindako zauriengatik edo gas negar-eragileak arnastu izateagatik.

Ehunka gaztek jo dute eguerdian mugetara, soldaduekin borrokatzeko, otoitza amaituta; meskiten bozgorailuek deia egin diote jendeari kaleak har ditzan eta Trumpen erabakiaren aurka egiteko.

Agiri batean, Israelgo Armadak baieztatu du protesta bortitzak izan direla "30 bat hiri eta herritan, Judean, Zisjordanian eta Gazako Zerrendan"; Zisjordanian, iturri horren arabera, 3.000 bat lagunek hartu dute parte protesta horietan, pneumatikoak erre dituzte eta harriak bota dizkiete segurtasun-indarrei.

Segurtasun-indarrak mobilizatu dituzte

Israelgo segurtasun-indarrak mobilizatu eta indartu dituzte Jerusalem eta Zisjordanian; izan ere, protestak deitu dituzte Palestinan ostiral honetan, musulmanen egun sakratuan, xede izanik Trumpen erabakia arbuiatzea. Hamas mugimendu islamistak hirugarren intifada hasteko deia egin du; palestinar fakzioek, aldiz, "Haserrearen Eguna" deitu dute gaurko.

Jerusalem Ekialdean (bertan dago harresitutako hiria), normaltasuna izan da nagusi ostiral goizean; ostegunean, greba orokorra izan zen, baina gaur, aldiz, dendak irekita daude eta jende gehiago dabil lekuan, baita bisitariak ere.

Israelgo Armadak defentsa- eta inteligentzia-indarrak indartu ditu, batailoiak bidaliz; izan ere, manifestazioak daude deituta. Kan irrati-etxearen esanetan, "entrenamendu-unitateek jarraibideak jaso dituzte, prest egon daitezen; baliteke errefortzuak bidali behar izatea".

Borrokak, ostegunean

Ostegunean, borrokak izan ziren Zisjordanian; bertan, milaka lagunek Israelgo militar-kokapenetara jo zuten, eta Armadak erantzun egin zuen. Dozenaka pertsona zauritu ziren.

Ilargi Gorriak esan duenez, 108 manifestari artatu ditu, azken orduetan; bala-zauriak izan dituzte horietako batzuek, eta gas negar-eragileen ondorioz ere hainbat lagun eraman behar izan dituzte ospitalera. Hori Ramallah hirian, Tulkaremen, Betleemen, Qualquilian, Nablusen, Yeninen eta Gazako Zerrendan gertatu da.

Israelgo Defentsa Indarrek zenbait miliziano palestinarrek Gazako Zerrendan dituzten bi kokapen bonbardatu zituen ostegunean; izan ere, hainbat suziri botatzen saiatu ziren bertatik.

Israelek erantzun hori eman zuen tentsioa handitu dela, gunean, Donald Trumpen erabakiaren ostean.

Segurtasun-neurri zorrotzak, Turkian

Turkian, Poliziak sendotu ditu segurtasun-neurriak Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek herrialdean dituzten ordezkaritza diplomatikoetan; aukera dago protesta gehiago izatea gaur, Washingtonek Jerusalem israeldar hiriburu gisa aitortu eta gero.

Bi herrialdeek Istanbulen eta Ankaran dituzten diplomazia-ordezkaritzetan barrera metalikoak daude; halaber, hainbat polizia-agente eta ibilgailu dabiltza kaleetan, eraikinen inguruan.

Ostegun arratsaldean, manifestazioak izan ziren Turkiako hiri nagusietan; AEBren eta Israelen Enbaxaden aurrean, protesta-elkarretaratzeak izan ziren, eta herrialde horien aurkako oihuak bota zituzten.

Greziara bidaia ofizialean abiatu baino lehen, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Ankarako aireportuan zegoen jendetzari zuzendu zitzaion: "Hori egitea lurraldean sua piztea da", salatu zuen, Trumpen erabakiaren harira. Erdoganen iritziz, AEBko presidenteak ez die kasurik egiten NBEren erabakiei.

"Trump, zer egin nahi duzu zuk? Lider politikoak ez daude gauzak nahasteko, baizik eta baketzeko. Oraingo adierazpenekin, irabiagailu bat balitz bezala aritu da Trump", esan zuen Erdoganek.

Albisteak (4)

Bideoak (1)