LURRIKARA
7,6 graduko lurrikara izan da Karibe itsasoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hondurasen eta Kuban sentitu dute astindua, besteak beste. Lurrikararen ostean, tsunami alerta zabaldu dute, baina bertan behera utzi dute gero.
Richter eskalan 7,6 graduko indarra hartu duen lurrikara batek dardara eragin du gaur Karibe itsasoan, AEBko Geologia Zerbitzuak jakinarazi duenez. Hasiera batean agintariek tsunami alerta igorri badute ere, gerora bertan behera utzi dute arriskurik ez dagoelakoan.
AEBko zentroak zabaldutako informazioaren arabera, 7,6 graduko astindua Santanilla uhartetik 44 kilometro ekialdera gertatu da (Honduras), Karibe itsasoaren ipar-ekialdean.
10 kilometroko sakoneran gertatu da lurrikara, Honduras eta Belizeko kostaldearen eta Kubaren artean, AEBko Geologia Zerbitzuak argitaratutako maparen arabera.
Lurrikara gertatu eta berehala, AEBko Meteorologia Zerbitzuak tsunami alerta igorri du Kuba, Honduras, Mexiko, Kaiman uharteak, Jamaika, Belize, Birjina uharteak eta Puerto Ricorako. Hala ere, gero bertan behera utzi du alerta hori.