Itxi

ELIZA

Apaizek Txilen haurrei egindako sexu-abusuengatik barkamena eskatu du aita santuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txileko elizako kideek egin dituzten abusuen aurrean 'mina eta lotsa' sentitzen dituela aitortu du, eta barkamena eskatzea 'bidezkoa' dela esan du, batez ere, 'umeei egin zaien kalteagatik'.

Frantzisko aita santua, Txilen. Argazkia: EFE.

Frantsizko aita santuak barkamena eskatu du Txilen, hango elizako kideek umeei egindako sexu-abusuengatik. "Minduta" ez ezik, "lotsatuta" ere badagoela esan du. Txileko Gobernuaren egoitzan egin ditu adierazpenok, herrialde horretan egiten ari den bisita ofizialean.

Langabeak, etorkinak, gazteak, hirugarren adinekoak eta umeak izan ditu gogoan bere hitzaldian aita santuak, eta, batez ere, azken horien "ahotsa entzuteko" eskatu du. "Eta hemen ezin dut sentitzen ditudan mina eta lotsa ezkutatu, elizako kideek umeei egindako min sendaezinaren aurrean", nabarmendu du.

Txaloz hartu dituzte Frantziskoren hitzak hitzaldia entzutera bertaratu diren 700 jarraitzaile inguruk. "Bidezkoa da barkamena eskatzea, eta gure indar guztiarekin biktimei babesa adieraztea. Era berean, horrelakorik berriro ez gertatzeko lan egin behar dugu", gaineratu du.

Aita santuaren bidaiak berriz piztu du apaiz pederasten eskandalua Txilen. Aste honetan Bishop Accountability elkarteak kaleratutako zerrenda baten arabera, 80 bat apaiz eta moja bat daude umeei sexu gehiegikeriak egiteagatik salatuta.