Bilera Bruselan
Venezuelako Gobernuaren zazpi goi-karguduni zigorrak ezarri dizkie EBk
Agentziak | Erredakzioa
Zigortuen artean, besteak beste, Diosdado Cabello Exekutiboko bigarrena, Maikel Moreno Auzitegi Goreneko presidentea eta Nestor Reverol Barne eta Justizia ministroa daude.
Venezuelako “errepresioagatik” Nicolas Maduroren Gobernuko zazpi goi-karguduni zigorrak ezarri dizkie gaur Europar Batasunak (EB), besteak beste, Diosdado Cabello Exekutiboko bigarrenari, Maikel Moreno Auzitegi Goreneko presidenteari eta Nestor Reverol Barne eta Justizia ministroari.
Era berean, Gustavo Enrique Gonzalez inteligentzia zerbitzuko buruzagia, Tibisay Lucena Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidentea, Tarek William Saab fiskal nagusia eta Antonio Jose Benavides Guardia Nazional Bolivartarraren komandante ohia zigortu dituzte.
Europar Batasuneko enbaxadoreek zigorrak adostu eta gaur Atzerri ministroek babestu dituzte Bruselan. Aktiboak izoztu eta Europar Batasunean sartzeko debekua jarri diete.
Azaroan arma-blokeoa eta Venezuelako “barne errepresioan” erabili daitekeen materialari betoa ezarri zion EBk.
Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak hitzordua zuen iragan ostegunean, Santo Domingon, baina azken egunetako tentsioagatik bertan behera geratu zen eta data berriaren bila ari dira orain.
Venezuelak “legez kanpoko” zigor “iraingarriak” errefusatu ditu
Bestalde, Europar Batasunak ezarritako zigorrak arbuiatu ditu Venezuelako Gobernuak. “Legez kanpokotzat” eta “iraingarritzat” jo ditu.
EBren “aldebakarreko eta legez kanpoko neurri murriztaileak sendo” salatu ditu Jorge Arreaza Venezuelako Atzerri ministroak agiri batean.
k agiri batean.