AEB
Diru-laguntza kentzearekin mehatxu egin die Trumpek palestinarrei
Agentziak | Erredakzioa
Palestinar Aginte Nazionaleko buruzagiek Mike Pence Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeari “errespetu galdu” ziotela uste du AEBko presidenteak.
Diru-laguntza bertan behera uztearekin mehatxu egin die Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak palestinarrei. Trumpen hitzetan, Palestinar Aginte Nazionaleko buruzagiek Mike Pence Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeari “errespetua galdu” zioten.
“Dirua mahai gainean dago eta sekula ez da egon”, ohartarazi du Trumpek Davosen (Suitza). Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da bertan.
Palestinako agintariak negoziazio mahaira itzuli eta errespetua agertzen ez baldin badute, diru gehiago atxikiko dutela ohartarazi du AEBko presidenteak.
“Gure presidenteorde bikainari errespetua galdu zioten”, esan du Trumpek. Antza denez, Mahmud Abas Palestinako presidenteak Pencekin biltzeari uko egin zion, AEBko presidenteordeak eskualdera egin berri duen azken bisitan.
Hala ere, bake nahia agertu du berriro Trumpek. Jerusalemeko gatazka gaindituta, AEBek Israelgo hiriburu bezala onartu ondoren, oztopo bat ezabatu dutela uste du Washingtoneko agintariak.
Trumpen "xantaia" arbuiatu dute palestinarrek
Bestalde, Trumpen “xantaia” eta “presio” politika errefusatu dute Palestina Askatzeko Erakundeak eta Palestinako Presidentetzak.
“Gaurko mezua argia da: Nazioarteko legearen eta NBEko ebazpenen giza eskubideetan eta askatasunean sinetsi eta borrokatzeagatik Palestinako herria presionatzen ari da Trump”, ziurtatu du Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundearen idazkari nagusiak agiri batean.