HAUTESKUNDEAK
Hautagai ebanjeliko kontserbadoreak irabazi du Costa Ricako lehen itzulia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Apirilaren 1ean egingo den bigarren itzulian, Carlos Alvarado ofizialista eta Fabricio Alvarado ebanjeliko kontserbadorea izango dira aurrez aurre.
Presidentea aukeratzeko Costa Rican igande honetan egin diren hauteskundeen lehen itzulian, Fabricio Alvarado ebanjeliko kontserbadorea nagusitu da botoen % 24,78 eskuratuta, botoen % 86,57 zenbatu direnean. Bigarren postuan gelditu da agintean den PAC alderdiaren Carlos Alvarado hautagaia, botoen % 21,74rekin.
Beraz, apirilaren 1ean egingo den bigarren itzulian, Carlos Alvarado ofizialista eta Fabricio Alvarado hautagai ebanjeliko kontserbadorea izango dira aurrez aurre.
Lehiatik kanpo gelditu da, berriz, Antonio Alvarez PLN alderdi sozialdemokratako hautagaia, botoen % 18,67rekin. Porrota onartu ostean, bigarren itzulira igaro diren bi hautagaiak zoriondu ditu Alvarezek.
Hauteskunde kanpainan, giza eskubideen alorrean jarrera ezberdina izan dute bi hautagaiek. Carlos Alvaradok homosexualen arteko ezkontzak eta LGTB kolektiboaren eskubideak defendatu ditu; Fabricio Alvarado, ostera, familia tradizionalaren aldekoa da.
Behin betiko emaitzak ez dituzte datozen egunetara arte jakinaraziko. Guztira, 3,3 milioi herritar zeuden deituta eta parte-hartzea % 66,20koa izan da.