Ituna
Merkelek eta Schulzek gobernu-akordioa adostu dute Alemanian
Agentziak | Erredakzioa
Hauteskundeak izan zirenetik lau hilabete igaro direnean, Gobernua osatzeko hitzarmena itxi dute. Sozialdemokratek Finantza, Lan eta Atzerri Gaietarako Ministerioak hartuko dituzte.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren bloke kontserbadoreak eta Martin Schulzen sozialdemokratek akordioa lortu dute koalizioko Gobernua osatzeko, hauteskundeak egin zituztenetik lau hilabete igaro direnean, Der Spiegel astekariak jakitera eman dutenez.
Berlinen dagoen CDUren egoitzan ia 24 orduko bilera eginda, hainbat komunikabidek aipatutako talde negoziatzaileen iturriek adierazi dute desadostasun nagusiak gainditu dituztela, eta ministerioak nola banatu hitzartu dutela, xehetasunen bat oraindik itxi gabe dagoen arren.
Sozialdemokratek, besteak beste, Finantza, Lan eta Atzerri Gaietarako Ministerioaren ardura hartuko omen dute.
Berretsiz gero, akordioak Alemanian politika alorrean izandako ziurgabetasun epea itxiko du; 2017ko azaroan, porrot egin zuen Merkelen lehen saiakerak, liberalekin eta berdeekin koalizioa osatzeko ahaleginak. Dena den, ituna kontsulta lotesle batean baieztatu behar dute oraindik; 464.000 militante sozialdemokratek izango dute aukera kontsulta horretan parte hartzeko, eta urtearen hasieratik afiliatu diren 24.000 kideak daude horien artean.
Ikusteko dago horietako zenbatek egingo dioten kasu gazte sozialisten deiari. Azken horiek afiliatu berriak eskatu zituzten, Merkelekin osatutako "koalizio handiari" ezezkoa ematea helburu.
Kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko negoziazioek aldez aurretik jarrita zuten epea beteta zegoela ekarri dute azkenean akordioa; izan ere, berez, igandean amaitu behar zituzten elkarrizketak.
Konpromiso "samingarriak", bi aldeentzat
Azken bilera hasi aurretik, Merkelek onartu zuen "bi aldeen konpromiso samingarriak" beharko zituztela, eta prest azaldu zen horiei aurre egiteko, abantailak desabantailak baino ugariagoak izanez gero, "herrialdearen onerako".
Schulzek, aldiz, esan zuen "arrazoiak" zituela pentsatzeko bilera "erabakigarri" horretan lortuko zituztela "emaitza onak, konstruktiboak, sendoak eta partekatuak", Gobernu "egonkorra eta iraunkorra" osatzea helburu.
SPDrekin izandako negoziazioak ez dira errazak izan sozialdemokratentzat; izan ere, iraileko hauteskundeetan emaitza txarrak eskuratu ondoren, aurreko legealdian izandako koalizio handia berriro adostea baztertu zuten hasiera batean.
Presioak pairatu zituen Schulzek, eta, azkenean, iritzia aldatu zuen, eta aurreakordioa negoziatu zuen Merkelekin. Ezohiko batzarra deitu zuen, elkarrizketa formalak hastea beharrezkoa zela esateko alderdikideei; kideen % 56k eman zioten babesa.