Itxi

Aurrekontu proposamena

Mexikoko mugan 104 kilometro harresi eraikitzeko 1.600 milioi eskatu ditu Trumpek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bestalde, NASAko aurrekontu proposamenean Ilargira itzultzeko erronka sartu du AEBko presidenteak.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea Etxe Zurian. Argazkia: EFE

2019 ekitaldirako aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak. Besteak beste, Mexikoko mugan 104 bat kilometro (65 milia) harresi eraikitzeko 1.600 milioi dolar eskatu ditu Trumpek. Iaz antzeko eskaera egin zuen agintariak. Guztira, 3.180 kilometro ditu mugak.

Oraingoan, Bravo ibaiaren (Texas) harana babesteko eskakizuna egin du buruzagiak. Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren (DHS) goi-kargudunek ziurtatu dutenez, “bertako migrazio arduradunek egindako eskaera bat da”.

Trumpek zenbateko bera eskatu zuen iaz, 1.600 milioi, zonalde berdinean harresia eraikitzeko,  San Diegon (Kalifornia), Tijuana (Mexiko) hiriko mugan, baina Kongresuak ez du orain arte eraikuntzarako aurrekontu-sail espezifikorik onartu.

Mugako harresian guztira 25.000 milioi dolar xahutzea espero du Trumpen Administrazioak, 18.000 milioi eraikuntza fisikoan eta beste 7.000 milioi hobekuntza teknologiko eta ekipamenduetan, Departamentuak gaur zehaztu duenez.

Hala ere, diru-kopuru hori immigrazio erreformaren negoziazioari lotuta dago. Negoziaketak gaur hasi daitezke Senatuan. Besteak beste, umeak zirela, AEBera paperik gabe heldu ziren 690.000 gazteren etorkizuna erabaki behar dute.

Ilargira itzultzeko erronka

Bestalde, NASArako aurrekontu proposamenean, Ilargira itzultzeko erronka sartu du Trumpek.

“Gizakiaren espazio esplorazioa bultzatzeko 10.000 milioi dolar (8.160 milioi euro) bideratu nahi ditu aurrekontuak, Ilargia jomuga izango duen kanpaina batean”, dio Kongresuak bozkatu beharreko proposamenak.

Albisteak (3)