VENEZUALA-KOLONBIA
Venezuelarrak hartzeko 'kanal humanitarioa' martxan jartzea proposatu du Kolonbiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kolonbia 'venezuelarrak hartzeko prest' dagoela esan du Maria Angela Holguin Kolonbiako kantzilerrak, baina migrazioa 'legearen barruan, eta ordenatuta' egitea eskatu du.
Venezuelako herritarren "migrazio masiboak" eragin duen krisiari aurre egiteko, Maria Angela Holguin Kolonbiako kantzilerrak "kanal humanitarioa" zabaltzeko eskatu die agintari venezuelarrei. Modu horretan, migratzaileei "harrera modu egokiagoan" egin ahal izango zaiela uste du Holguinek, horiek behar dituzte oinarrizko "elikagaiak eta sendagaiak" bermatuz.
Limako Taldea egunotan egiten ari den goi-bileran egin ditu adierazpenok kantziler kolonbiarrak. Horren hitzetan, Kolonbia eta Venezuela arteko mugan egoera "negargarria" bizi dute, Kolonbiara iristen diren Venezuelako "herritarren baldintzak geroz eta okerragoak" direlako. Janaririk eta sendagairik gabe iristen dira, eta egoerari irtenbidea ematea "ezinbestekoa" dela esan du Holguinek.
Venezuelako Gobernuak "bere herritarrak" kontuan hartzeko eta horien alde "lehenbailehen neurriak" hartzeko eskatu du kantzitelarrak. Brasilen eta inguruko beste hainbat herrialdetan ere antzeko egoera bizi dutela ziurtatu du buruzagi kolonbiarrak, egoera ekonomiko larriak eraginda Venezuelatik alde egiten ari diren herritarren kopurua "amaigabea" delako.
Holguinek emandako datuen arabera, aurtengo bi hilabeteotan laukoiztu egin da Venezuelatik Kolonbiara iritsi den herritarren kopurua.
Kolonbia "venezuelarrak hartzeko prest" dagoela esan du, baina migrazioa "legearen barruan, eta ordenatuta" egitea da Holguinek proposatu duena.
Venezuela eta Kolonbia arteko mugak 2.200 kilometro inguru ditu, eta tarte zabal horretan hiru zubi daude migratzaileak "legez" igaro ahal izateko.