Sarraskia Parklanden
Nikolas Cruz Floridako institutuaren erasotzailea, fidantzarik gabe espetxera
Agentziak | Erredakzioa
Bere abokatuaren hitzetan, Nikolas Cruz “guztiz damututa” dago. ROF zurien nagusitasuna aldarrikatzen duen taldearekin loturak ditu Cruzek. FBI duela bost hilabete ohartarazi zuten.
Nikolas Cruz 19 urteko gaztea bermerik gabe espetxera bidali du gaur Floridako epaile batek. 17 pertsona tirokatu eta hil zituen atzo Parklandeko institutu batean. Bere abokatuaren ahotan, Cruz “guztiz damututa” dago.
Atxilotuari 17 hilketa delitu leporatu dizkiote. Broward konderriko epaitegi baten aurrera eraman dute, Floridako hegoaldean, laranjaz jantzita, eskuburdinak jarrita eta abokatuak lagunduta.
Marjory Stoneman Douglas eskolako irakasleen eta ikasleen aurka tiro egitera bultzatu zuten arrazoiak ezagutzeko lanean jarraitzen du Poliziak. Iragan ikasturtean institututik bota zuten, indarkeriazko jokabidea egotzita.
Inguruko ospitaletara eraman zituzten 15 zaurituetatik hiru oso larri daude. Gainerakoak egonkor dira edo sendagiria jaso dute dagoeneko.
Nikolas Cruzek egindako sarraskiak armen legediari buruzko eztabaida piztu du berriro. Cruzek autismoa zuela jakitera eman du Sun Sentinel egunkariak.
Halako tragedia bat berriro ez errepikatzeko datorren astean Estatuko biltzarkideekin bilduko dela ziurtatu du gaur Rick Scott Floridako gobernadoreak.
Zurien nagusitasuna
Floridako Errepublika (ROF) zurien nagusitasuna aldarrikatzen duen talde ezagunarekin loturak ditu Cruzek, Difamazioaren Aurkako Ligak gaur jakitera eman duenez.
Nazioarteko erakunde juduak ziurtatu duenez, Jordan Jereb ROFeko buruzagietako batek lotura hori baieztatu du. Antisemitismoaren aurka borroka egiten duen erakundeak azaldu duenez, Cruzek taldearen entrenamenduetan parte hartu izan duela esan du Jerebek.
Zurien eskubide zibilak defendatzen dituen erakunde gisa definitzen da ROF bere webgunean. Milizia bezala funtzionatzen du eta kideak Florida osoan sakabanaturik ditu.
FBI duela bost hilabete ohartarazi zuten
“Eskolako tirogile profesionala” bihurtu nahi zuela esan zuen Nikolas Cruzek YouTuben. Bideo horren berri duela bost hilabete izan zuen FBIk.
Rob Lasky FBIko agenteak kazetarien aurrean onartu duenez, Cruzen gorroto mezuen inguruko salaketa bat ikertu zuten iragan irailean. Bideoa Mississippin argitaratu zuten.
Hala ere, une hartan ezin izan zuten erabiltzailearen nortasuna identifikatu, nahiz eta izena eman, Laskyk erantsi duenez.