Presidente-hauteskundeak
Putin Errusiako presidente berrautatu dute berriz, bozen % 76 baino gehiago lortuta
agentziak
Inoiz izandako emaitzarik onena lortu du egungo presidenteak, eta Kremlinen jarraitu ahal izango du beste sei urtez, 2024ra arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Vladimir Putin Errusiako presidenteak igandean izandako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, bozen % 76,67 eskuratuta, emaitza ofizialen arabera.
Boten % 99,81 zenbatu dute dagoeneko, eta inoiz izandako emaitzarik onena lortu du Putinek, 56,1 milioi boto eskuratuta (2012an baino 10,5 milioi gehiago). Horrenbestez, Kremlinen jarraitu ahal izango du beste sei urtez, 2024ra arte.
Hauteskunde-Batzordeak jakinarazi duenez, bigarren postuan Pavel Grudinin hautagai komunista geratu da, bozen % 12,5ekin. Jarraian, Vladímir Zhirinovski ultranazionalista doa (bozen % 5,85 inguru), eta Ksenia Sobchak kazetaria (% 1,59).
Putinek botoen % 90 baino gehiago jaso du bost eskualde edo errepublikan, besteak beste, Krimean. Horretan, Eurrsiarekin bat egin zuenetik laugarren urteurrena ospatu zuten, eta lehen aldia izan da hango hiritarrentzat presidentetza-hauteskundeetan parte hartzen dutela.
Gainera, Moskun eta San Petersburgon, herrialdeko bi hiri nagusietan, bozen % 70 baino gehiago eskuratu du, Kremlinen aurkako oposizioak indar handia izan ohi duen arren.
110 milioi errusiar zeuden botoa ematera deituta, datozen sei urteetan Kremlineko buru nor izango den erabakitzeko.
Hauteslei eskerrak
Jarraitzaileen aurrean Moskun agertu zen Putin, jasotako babesa eskertzeko, eta "azken urteetan oso baldintza zailetan lortutakoaren aitorpena" jo zituen hauteskundeetako emaitzak.
"Milesker zuei babesagatik. Hemen bat egin duzuenoi eta gure herrialde handiko jarraitzaileei zuzendu nahi natzaie. Milesker emaitzagatik", esan zuen "Errusia, Sebastopol, Krimea" leloa zuen ekitaldian.
"Konfiantza eta itxaropena ikusten ditut, sendo lan egiten jarraitzeko, erantzukizun berdinarekin, eta emaitza hobeak lortzeko", adierazi du. Gainera, errusiarrak deitu ditu "gure herrialdearen alde egindako lan handia osatzeko".
Errusiako hauteskundeen gako nagusiak