Venezuela
Maduro: 'Venezuelako hauteskundeak arrakastatsuak izango dira demokraziarentzat'
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzeko hauteskundeetan "inperialismoaren txotxongiloei lezio bat" emango diela esan du Venezuelako presidenteak.
"Inperialismoaren txotxongiloei lezio bat" emango diela esan du igande honetan Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, Mike Pence AEBko presidenteordearekin, Latinoamerikako hamabost agintarik izandako bileran, Venezuelan hauteskunde "libre, justu eta demokratikoak" egiteko deia egin ostean.
Venezuelako hauteskundeak demokraziarentzat "arrakastatsuak" izango direla erantzun die Madurok Liman (Peruko hiriburua) asteburu honetan izandako Ameriketako VII Goi-bileran parte hartu duten agintariei.
"Maiatzaren 20an hauteskundeak egingo ditugu Venezuelan; emaitzak izango dira eta erakundeek eta herritarrek erabakitzen dutena gailenduko da, besterik ez. Macri, Temer eta Santos, inperialismoaren txotxongiloei lezio bat emango diet. Garaituak izango dira eta historiaren simaurtegira pasatuko dira", esan du Madurok Caracasen Evo Morales Boliviako presidentearekin bildu ostean.
Bestalde, Argentinako, Brasilgo eta Kolonbiako presidenteak "ospe gutxien" duten Latinoamerikako agintarien artean daudela esan du. Hortaz, hauteskundeak nazioartearentzat "sorpresa bat" izango direla gaineratu du.
Ameriketako Goi-bilera
"Eskuineko hainbat gobernuk politika esku-hartzailearekin jarraitu nahi badute, guk planto eta aurre egingo diegu", esan du Madurok goi-bilerara joateari uko egin ondoren, horretarako gonbidapenik ez baitzuen.
Argentina, Bahamak, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Guatemala, Guyana, Honduras, Mexiko, Panama, Paraguai, Peru eta Santa Luzia estatuetako gobernuetako agintariek Nicolas Madurori eta nazioarteari dei egin diete Venezuelan demokrazia berresteko.
Bestalde, laguntza humanitarioa areagotzeko programa eskatu diote nazioarteari, Venezuelako herritarren "sufrimendu eta elikagaien eskasia egoera konpontzeko".