Datuen filtrazioa
Facebookek onartu du bere saretik kanpoko erabiltzaileen datuak ere hartzen dituela
agentziak | erredakzioa
David Baserren arabera, ohitura da sektorean hori egitea, beste enpresa batzuek ere egiten dute, eta "edukia eta publizitatea" hobetzen laguntzen dio Facebooki.
David Baser Facebookeko Produktu Kudeaketa zuzendariak onartu du enpresa estatubatuarrak hainbat marketin tresna erabiltzen dituela sare sozialetik kanpoko erabiltzaileen datuak ere hartzeko, eta ziurtatu du sektorean ohitura dela hori egitea.
Aurreko astean Mark Zuckerberg sare sozialaren sortzaile eta presidenteak Kongresuan erantzun ez zituen "40 galdera edo gehiagori" erantzun nahi izan die Baserrek.
"Gure zerbitzuak erabiltzen dituzten web gune edo aplikazio batean bisita egiten duzunean, nahiz eta deskonektatuta egon edo Facebooken konturik ez izan, guk informazioa jasotzen dugu", azaldu du enpresako zuzendaritzako kideak ohar baten bidez.
Datu bilketa erabiltzaileak "atsegin dut" edo "partekatu" botoia sakatzen duenean hasten da, edo Facebookeko kontua web gune batean edo aplikazio batean identifikatzeko erabiltzen duenean.
Baserren esanetan, hori egitea ohitura da sektorean, eta beste enpresa handi batzuek ere egiten dute.
"Twitterrek, Pinterestek eta Linkedinek atsegin eta partekatze botoiak dituzte, jendeari gauzak zabaltzen laguntzeko (…) Izan ere, web gune gehienek eta aplikazioek informazio bera bidaltzen dizkiete konpainia askori bisita bat egiten duzun bakoitzean", azaldu du Baserrek.
Horren moduko datuek, dioenez, "edukia eta publizitatea" hobetzen laguntzen diote Facebooki. Besteak beste, erabiltzailearen IP helbideari, erabiltzen duen nabigatzaile eta sistema eragileari buruzko informazioa bidaltzen du, "sistema eta aparatu guztiek ez dutelako berdin jarduten".
Oraingo adierazpena, aurreko astean Cambridge Analyticari lotutako eskandaluaren inguruan Zuckerbergek Senatuan eta Ordezkarien Ganberan egindako agerraldien ondotik heldu da.
Datuen analisirako enpresa horrek berak (Trumpen hauteskunde kanpainian kolaboratu zuen) onartu duenez, datu horiekin informatika programa bat garatu zuen, hautesleen erabakiak aurreikusi eta, horrela, horietan eragin ahal izateko.