IRAGARPEN GARRANTZITSUA
Ipar Koreak entsegu nuklear guztiak bertan behera utzi dituela iragarri du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kim Jong Un eta Moon Jae In apirilaren 27an bilduko dira penintsulako desnuklearizazioari buruz hitz egiteko. Donald Trump AEBetako presidenteak Twitter bidez bere poza agertu du.
Ipar Koreak bere entsegu nuklear guztiak eta misilekin egiten dituen proba guztiak bertan behera utzi eta herrialdearen iparraldean dauden instalazio nuklearrak berehala itxiko dituela iragarri du, KNCA Ipar Koreako berri agentziak goizaldean zabaldu duen ohar baten arabera.
Kim Jong Un buruzagi iparkorearrak sinatutako agirian, Ipar Koreak ez dituela jada proba nuklear zein nazioarteko misil balistikoen proba gehiago egin behar iragarri dute, arma nuklearrak lortzeko prozesu osoa amaitu omen dutelako.
Zabaldutako oharrak dio Ipar Koreak ez dituela arma nuklearrak erabiliko mehatxu eta erasorik ez badu jasotzen. "Inolaz ere ez ditugu arma eta teknologia nuklearrak beste herrialdeen esku utziko" ere gaineratu dute.
Trump gustura erabakiarekin
Donald Trump AEBetako presidenteak Twitter bidez bere poza agertu du: "Oso albiste ona da, bai Ipar Korearentzat bai munduarentzat ere. Gogotsu nago Kim Jong Ungekin biltzeko" idatzi du.
Bestalde, apirilaren 27rako bi Koreen arteko bilera dago aurreikusita. Kim Jong Un eta Moon Jae In bilduko dira penintsulako desnuklearizazioari buruz hitz egiteko. Horretarako konpromisoa hartu zuen Ipar Koreako buruzagiak martxoan, Xi Jinping Txinako presidentearekin izan zuen bileran.