Itxi

Iruzkina

Israeldarrak europarrak baino gehiago maite ditu Trumpek

Jesus Torquemada

AEBko presidenteak Saudi Arabiaren eta Israelen esanak jarraitu ditu. Biak dira Iranen arerio, eta arduratuta daude Iranek Siriako eta Yemengo gerretan lortutako garaipenekin.

Tira, ba orain, bai. Argi dago: Trumpek ez gaitu europarrak batere maite. Ekialde Erdiko bere lagunen —Israel eta Saudi Arabia— eta bere Europako lagun Erresuma Batua, Alemania eta Frantziaren artean aukera egin behar zuen. Azken hiru horiek, Ameriketako Estatu Batuekin (AEB), Errusiarekin eta Txinarekin batera sinatu zuten itun nuklearra, Iranek arma nuklearrak egiteari utzi eta trukean haren kontrako zigor ekonomikoak bertan behera uztea jasotzen duena.

Londresek, Parisek eta Berlinek uste dute Iran akordioa errespetatzen ari dela eta ez dagoela arrazoirik ituna hausteko. Baina Trumpek Saudi Arabiaren eta Israelen esanak jarraitu ditu. Biak dira Iranen arerio eta arduratuta daude Iranek Siriako eta Yemengo gerretan parte hartzen duelako eta, gainera, irabazten ari delako. Biek nahi dute Iran gerarazi eta horretarako beharrezkoa dute Irango ekonomia blokatzea.

Teorian, itunaren gainerako sinatzaileek Iranekin harreman komertzialetan jarraitu ahal izango dute. Baina Trumpek agindu du zigortu egingo dituela Iranekin negozioak egiten dituzten enpresak. Eta kontutan hartuta enpresa horietako askok AEBrekin ere negozioak egiten dituztela eta, gainera, banku estatubatuarrez baliatzen direla, Trumpek aise bete dezake mehatxua.

Orain hiru urte, hitzarmena sinatu zenean, Ekialde Erdiko bakeari eusteko oinarrizkoa akordioa zela esan zen. Beraz, ondorioa argia da: Ekialde Erdian gerra arriskua handitu egin du hitzarmenaren hausturak.

Albisteak (1)