Itxi

Italia

Ligak eta M5Sk Giuseppe Conte legelaria proposatu dute, lehen ministro izateko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

54 urteko Zuzenbide irakasleak ez du iragan politikorik. Gobernua osatzeko, M5Sk eta Ligak adostutako izena da.

Giuseppe Conte. Argazkia: EFE

Luigi Di Maio 5 Izar Mugimenduko (M5S) buruzagiak gaur baieztatu duenez, Iparraldeko Ligarekin adostuta, Giuseppe Conte legelariaren izena proposatu diote Sergio Mattarella estatuburuari, Italiako Gobernuaren lehen ministro izateko.

“Une historiko baten aurrean gaude. Giuseppe Conteren izena eman diogu Errepublikako presidenteari. Gobernu kontratua aurrera eraman dezakeen gizona da”, azaldu du Di Maiok agiri batean, sare sozialetan.

Conte 54 urteko Zuzenbide irakasleak ez du iragan politikorik. Gobernua osatzeko, M5Sk eta Ligak adostutako izena da. Orain Mattarellak oniritzia eman eta Exekutiboa osatzeko ardura eman behar dio.

Conte “bi indarrek proposatutako lehen ministro politikoa” izango da, Di Maiok agirian adierazi duenez.

 

Di Maio:"Une historiko baten aurrean gaude"

 

Di Maio eta Matteo Salvini Iparraldeko Ligaren buruzagia Mattarellarekin bildu dira gaur, Errepublikako Presidentetzaren egoitzan. 10 egun negoziatzen eman ondoren, bi indarrek adostutako Gobernu itunaren berri eman diote.

Orain Mattarellak gogoeta egin eta Conte deitu ala ez erabaki beharko du, Gobernua osatzeko ardura emateko.

Egiten baldin badu, lehen ministro gisa agindua onartu beharko du Contek, bere ministroen zerrenda aurkeztu eta Exekutiboak Parlamentuaren konfiantza jaso. Hori ez da zaila izango, M5Sk eta Iparraldeko Ligak ganberetan gehiengoa dutelako.

Martxoan hauteskundeak egin zirenetik bi hilabete baino gehiago pasa ondoren, Italia paralisitik atera da. Arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko 780 euroko diru-laguntza bat eta enpresentzako, familientzako zein autonomoentzako % 15-20 arteko zerga bakarra onartuko dutela aurreratu dute bi alderdiek.

Albisteak (2)