Italiako Gobernua
Mattarella Conteren hautagaitza aztertzen ari da, curriculuma ezbaian geratu ondoren
agentziak | erredakzioa
Estatuburuak ez du oraindik 5 Izar Mugimenduak eta Iparraldeko Ligak proposatutako hautagaitza onartu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sergio Mattarella Italiako presidenteak hausnarketa eguna izan zuen atzo, Giuseppe Conteren hautagaitza 5 Izar Mugimenduak (M5S) eta Iparraldeko Ligak (LN) proposatu eta horren curriculumaren gaineko zalantzak zabaldu eta gero.
Estatuburuak gogoeta egin zuen asteartean. Izan ere, bere agendan bi egiteko izan zituen atzo: Roberto Fico Behe Ganberako eta Marisa Elisabetta Alberti Senatuko presidentearekin bilduta egon zen, eta mafiaren aurkako ekitaldi batean parte hartu zuen.
Konstituzioak Mattarellari aitortzen dizkion ahalmenen artean lehen ministroa erabakitzea dago, eta, hori dela eta, Conte egokia ote den erabaki behar du. M5Sek eta LGek proposatutako hautagaia 54 urteko abokatua da, eta ez du inolako eskarmenturik politikagintzan.
Atzoko eguna lasaia aurreikusten zen baina, goizean, Conteren curriculum zabalean jasotako zenbait ikastaroren gaineko zalantzak zabaldu zituen The New York Times egunkariak. Horren arabera, Conte ez da New York Universityren erregistroan agertzen.
Curriculumaren arabera, ibilbide aparte egin du Contek, zenbait zentro ezagunetan izan dela adierazita, besteak beste, Yale eta Pittsburgheko Unibertsitatean, baina Vienaren eskola batean Zuzenbide ikastaroa egin duela dio curriculumak, eta antza hizkuntza eskola bat da.
Chi ha paura di Giuseppe Conte? https://t.co/76uDRcnWEW
— Movimento 5 Stelle (@Mov5Stelle) 22 de mayo de 2018
Il Messaggero egunkari erromatarrak zalantzak areagotu zituen argitaratzean Contek ez zuela Pittsburgheko Duquesne Unibertsitatean ikasi, eta Maltakoan ez zuelako klaserik eman, curriculumean agertzen den bezala.
M5Sk irakaslea defendatu zuen, eta hedabideen eta sistemaren "beldurrari" egotzi dio informazioa argitaratzea.
"Italiako eta atzerriko hedabideek, burokrata europar batzuek eta 'establishment'aren alde handi batek bat egin dute, hiritarren babestutako Gobernu zilegia aterako den beldur", esan zuten M5Sren ordezkariak "Nor da Giuseppe Conteren beldur?" deitutako artikulu batean.
Alderdiak erantsi zuenez, Contek "argi eta garbi idatzi du New Yorkeko Unibertsitatean ikasketak hobetu eta eguneratu zituela", ez masterrik egin duenik.