Itxi

Italia

Gobernua osatzea eskatu dio Mattarellak Cottarelliri

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaritzako kide ohia da Cottarelli. 'Gobernu neutrala' osatuko duela azaltzeaz gain, ministroen izenak laster iragarriko dituela argitu du.

Mattarella eta Cottarelli, gaur, Quirinalen. Argazkia: Italiar Errepublikako Presidentetza

Sergio Mattarella Italiako presidenteak Carlo Cottarelliri agindu dio Italiako Gobernua osatzea. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaritzako kidea izan zen Cottarelli. Eratzen duen exekutiboaren lana Italia 2019ko urtarrilean berriz hauteskundeetara eramatea izango dela adierazi dio.

"Aurrekontu legea duen programa batekin aurkeztuko naiz Parlamentura. Horrez gain, konfiantza lortuz gero, hauteskundeetara eramango dugu Italia 2019 hasieran; eta bestela, gobernuak ganberen babesa ez badu lortzen, abuztua eta gero deituko ditugu", azaldu du Cottarellik Mattarellarekin egindako bileraren osteko agerraldian.

Cottarellik "gobernu neutrala" izango dela ziurtatu du, eta laster iragarriko dituea ministroen izenak. "Hautagai ez naizela izango hitzematen dut, eta etorkizuneko gobernuko kide guztiei gauza bera eskatuko diet", adierazi du. Oso ondratuta agertu da Mattarellak egindako enkarguagatik, ahal duena egitea esateaz gain.

Bestalde, merkatuak eta Europako kapitalak lasaitzeko asmoz, exekutiboak diru publikoaren "kudeaketa zuhurra" egingo duela argitu du Cottarellik. Beraz, Europar Batasunarekin Italiaren interesak modu eraikitzailean defendatuko dituen elkarrizketaren aldeko apustua egin du.

Mattarella eta Cottarelliren arteko bilera

Sergio Mattarella Italiako presidenteak Carlo Cottarelli deitu du gaurko, 11:30ean, Gobernu teknokrata bat eratzea eskatzeko. Cottarelli 64 urteko ekonomialaria da, eta Nazioarteko Diru Funtseko Zuzendaritzaren kide ohia.

Mattarellak 5 Izar Mugimenduak eta Iparraldeko Ligak proposatutako Ekonomia ministroa errefusatu zuen atzo, igandea. Paolo Savona 81 urteko ekonomialaria da, eta EBaren aurka agertu da hainbatetan.

Cottarelli Kontu Publikoen Behatokiaren (Milango Unibertsitate Katolikoa) zuzendaria da.

Gainera, Nazioarteko Diru Funtseko Gai Fiskalen Saileko zuzendaria izan zen 2013ra arte. Orduan, Enrico Lettak, garai horretako Gobernuburuak, gastu publikoa murrizteko plana ezartzea eskatu zion, eta komisario kargua hartu zuen.

Ondoren, Matteo Renzi lehen ministro izendatu arte eutsi zion karguari Cottarellik.

Ekonomialaria oso kritiko agertu da Ligak eta M5Sek adostutako programan agertzen ziren diru-laguntzekin.

Albisteak (4)