Itxi

Puerto Rico

Maria urakanaren ondorioz 4.600 lagun baino gehiago hil ziren Puerto Ricon

EFE

Hala ondorioztatu du Harvard Unibertsitateak egindako ikerketa batek eta nabarmen utzi ditu Puerto Ricoko agintariak, hildakoak 64 izan zirela esan baitzuen.

Maria urakanaren ondorioak Puerto Ricon. Artxiboko argazkia: EFE

Harvard Unibertsitateak egindako ikerketa batean arabera, iaz 4.600 lagun baino gehiago hil ziren Puerto Ricon Maria urakanaren ondorioz. Hildakoak 64 izan zirela esan zuten orduan Puerto Ricoko agintariek.

Puerto Ricoko Carlos Albizu eta Ponce unibertsitateek ere hartu dute parte ikerketan, eta ondorioak gaur argitaratu dituzte New England Journal of Medicine zientziari buruzko aldizkarian.

Ikerketa egiteko Puerto Ricoko 3.299 familiarekin jarri ziren harremanetan, aleatorioki, eta urakana iritsi eta urtea amaitu bitartean izan ziren heriotzei buruzko galderak egin zizkieten.

2016ko datuekin alderatuta, epealdi berean, 4.645 pertsona gehiago hil ziren iaz, hots, heriotza-tasak % 62ko gorakada izan zuen iaz, batez ere urakanaren ostean ospitaleetan gaixotasun kronikoei aurre egiteko gai izan ez zirelako.

Ikerketaren datuak baieztatuz gero, Maria urakana izango da heriotza gehien eragin dituen urakana. 2005ean, Katrina urakanaren ondorioz 1.880 lagun baino gehiago hil ziren New Orleansen.

Albisteak (3)