Bilera historikoa Singapurren
Trumpek eta Kim Jong-unek 'aldaketa handia lortzeko' adierazpena sinatu dute
agentziak
Trumpen esanetan, Ipar Korea "berehala" hasiko da arma nuklearrak deuseztatzen, eta ziurtatu du hemendik aurrera "askotan" bilduko direla prozesuan zehar.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donald Trump AEBko presidenteak eta Kim Jong-un Ipar Koreako buruak akordioa sinatu dute Singapurreko Capella Hotelean lau ordu baino gehiago luzatu den bilera historikoaren ostean.
Kim Jong-unek esan duenez, dokumentuak "iragana atzean uzteko" eta "aldaketa handia lortzeko" balioko du.
Trumpek adierazi du "askotan" gonbidatuko duela buruzagi ipar-korearra Etxe Zurira, Ipar Korea arma nuklearrez husteko prozesuan zehar.
.@POTUS and Chairman Kim Jong Un sign a document after their meeting at the #SingaporeSummit pic.twitter.com/xC3iHlitYx
— Department of State (@StateDept) 12 de junio de 2018
Kazetariek Kim Etxe Zurira gonbidatuko ote duen galdetu diote, eta berak zera erantzun du: "Noski baietz, egingo dut".
Presidente estatubatuarrak gaineratu duenez, arma nuklearrak deuseztatzeko prozesua "berehala" hasiko da.
Bostekoa eman aurreko unea. Argazkia: Etxe Zuria
"Lotura berezia sortzen ari da", esan du Trumpek, Kimen ondoan dokumentua sinatu duenean. Gainera, Ipar Koreako buruarekin egotea "ohorea" dela nabarmendu du.
Estatu Batuetako presidenteak eta Ipar Koreako buruzagiak bostekoa eman diote elkarri gaur, asteartea, goizeko lehen orduan, Capella Hotelera heldu direnean, Sentosa Singapurreko uhartean, bilera historikoari hasiera emanda.
Bileran bi buruzagiak eta haien itzultzaileak baino ez dira egon. 09:00ak pasatxo zirenean (hango ordua) hasi da, eta 40 bat minutu iraun du, CNN telebista kateak zabaldu duenez.
Ondoren, bien arteko batzarra egin dute, 11:30ak arte, eta lan bazkarira jo dute orduan. Trump Mike Pompeo Estatu idazkari, John Kelly Aginte Goreneko buru eta John Bolton Segurtasun Nazionaleko aholkulariaren ondoan jesarri da eta Kimekin "lan egitea desiratzen" duela adierazi du. "Arrakasta izango dugu", gaineratu du.
Bileran Kim Yong Chol Ipar Koreako Langileen Alderdiko presidente ordea (ekaina hasieran Kimen gutun bat eman zion Trumpi), Ri Yong Ho herrialdeko Kanpo Arazotarako ministroa eta Ri Su Yong alderdiko Nazioarteko Harremanen zuzendaria ere (2014-2016 urte bitartean Kanpo Arazoetarako ministro ere izan zen) egon dira.
Argazkia: EFE
Presidente estatubatuarraren esanetan, "ohorea" da Kimekin bildu ahal izatea, gainera, "oso ondo sentitzen" dela eta bilera "arrakastatsua" izatea espero duela azpimarratu du.
Trumpen ustean, biek "harreman bikaina" izango dute hemendik aurrera, "zalantzarik gabe", batzarra "oso ondo" doalako. "Elkarrekin arazo handi bat konponduko dugu, erronka handi bat", erantsi du, Yonhap albiste agentziaren arabera.
Kimek, bestalde, esan du harremanak hasi arte egin dute bidea ez dela "erraza izan", eta biek hainbat "oztopori" eta "aurreiritziri" aurre egin behar izan dietela bilera egin ahal izateko.
"Ez da erraza izan honaino heltzea. Iraganak ez digu aurrera egiten utzi eta aspaldiko joera eta aurreiritziek itsutu egin gaituzte, baina aurre egiteko gai izan gara", esan du Kimek. Bilera "fikziozko film batean" ikusitakoa dirudi, Kimen hitzetan.
Argazkia: EFE
"Uste dut mundu osoa une honen zain dagoela. Askok pentsatuko dute nolabaiteko fantasia dela", esan du txantxetan. Bilera "bakerako preludio egokia" da, Kimen iritzian.
"Bilera bikaina izan da, benetan. Aurrerapauso handiak izan dira. Onena izan da. Inork espero zezakeena baino hobea izan da", esan du Trumpek prentsaren aurrean egindako adierazpenetan.
Singapurren agenda bete ondoren, Trumpek prentsaurrekoa emango du. 20:00etan, Air Force One hegazkinetan ontziratu eta AEBrako bidea hartuko du.