Presidentetza hauteskundeak
Ivan Duque, Kolonbiako presidente berria
agentziak
Duquek, Uribe presidente ohiaren ildokoak, Gustavo Petro ezkerreko hautagaiak baino boto gehiago jaso du. Hautesleen % 50,8 abstenitu egin dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ivan Duque hautagai kontserbadorea Kolobiako presidente aukeratu dute, botoen % 54,28 jasota. Gustavo Petro hautagai ezkertiarrak, aldiz, bozen % 41,54 jaso du, botoen % 93,26 zenbatuta dagoenean.
Zehatz-mehatz, Duquek 9.673.022 boz jaso ditu, eta Petrok 7.402.594, Kolonbiako Hauteskunde Batzorde Nazionalaren arabera. Gainera, Hautesleen % 50,8 abstenitu egin dira eta 743.926 pertsonak boto zuria eman dute.
Emaitzak ezagutu ostean Duquek egindako agerraldian esan duenez, igandean lortutako garaipenarekin "belaunaldi berria" heldu da agintera, eta herrialdea batzeko asmoa duela azpimarratu du.
"Umiltasunez eta ohore handiz esan nahi diot herri kolonbiarrari nire herrialde batzeko ahalegina egingo dudala: zatiketa gehiagorik ez, denontzako herrialdean pentsa dezagun", esan du Duquek bere jarraitzaileen aurrean, Bogotan.
Hori dela eta, "ez dago hiritar galtzailerik" hauteskunde gauaren ostean, kolonbiar guztien presidentea izan nahi duelako, bere alde bozkatu dutenena, aurka bozkatu dutenena, baita boto zuria eman zutenen presidentea ere.
Boto kutxak 08:00etan ireki zituzten (15:00etan, gurean) eta 16:00etan itxi (23:00ak, Euskadin). Barne Ministerioaren arabera, "ez da segurtasun arazorik izan" bozketa egunean, baina Hauteskundeen Gardentasunerako unitateak 404 gorabeheren berri izan du, 15:00ak arte.
Gustavo Petro Kolonbiako hautagai progresistak onartu egin du presidentetza hauteskundeen bigarren itzulian jasotako porrota, baina kementsu agertu da.
"Porrota? Zortzi milioi kolonbiar zutik. Hemen ez da porrotik izan. Momentuz ez gara Gobernuan izango", esan du Petrok Twitterren.
Bestealde, Juan Manuel Santos presidente ohiak Duque zoriondu du telefonoz, berak Twitterren duen kontuaren bidez iragarri duenez. Era berean, "Gobernuaren kolaborazioa" eskaini dio "trantsizio lasaia eta antolatua egiteko".