Italia
224 etorkin daramatzan ontziari portuak irekitzeko eskatu dio Salvinik Maltari
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, tripulazioari mehatxu egin dio, Italiara iritsiz gero atxiloketak izango direla esanez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Matteo Salvini Italiako Barne ministroak Maltako agintariei portuak irekitzeko eskatu die ostiral honetan, 224 etorkin daramatzan Lifeline Alemaniako GKEren (gobernuz kanpoko erakundea) ontziari. Halaber, tripulazioari mehatxu egin dio, Italiara iritsiz gero atxiloketak izango direla esanez.
Salvinik Twitterreko kontuan idatzi duenez, uneotan Lifeline erakundearen ontzia Maltako uretan da, eta herrialde horretako agintariei "portuak irekitzeko" eskatu dio, "tripulazioaren eta bidaiarien segurtasunagatik".
"Argi dago itsasontzi hau gero konfiskatu eta tripulazioa atxilotu egingo dutela. Itsasoan inoiz gehiago ez trafikatzeko", esan du.
Honela Aquarius ontziarekin gertatutakoa errepikatu da. SOS Mediterranee eta Mugarik gabeko medikuak erakundeena zen kasu horretan itsasontzia, eta Maltak eta Italiak ezez esan ostean, bertan zihoazen 630 etorkinak Valentziako portuan lehorreratu zituzten, Espainiako Gobernuaren eskaintza jaso ostean.
Bestalde, Axel Steir Lifelineko bozeramaileak azaldu duenez, oraingoz ez du Italiako agintarien aldetik instrukziorik jaso, asteazken goizaldean 224 pertsona erreskatatu ostean.
"Berri bat bera ere ez dugu jaso. Etorkinak ez ditugu ontziz aldatu, eta ez digute deitu portu seguru bat emateko", nabarmendu du Steirrek.