Mexiko-AEB
Lopez Obrador eta Trump migrazioa murrizteko plan baten inguruan mintzatu dira
Agentzia | Erredakzioa
Mexikoko hauteskundeen irabazleak eta AEBko presidenteak telefonoz hitz egin zuten Mexikoko garapena bultzatzeko eta migrazioa jaisteko 'egitasmo integral' bat aztertzeko.
Andres Manuel Lopez Obrador zoriontzen aurrenetariko buruzagia izan zen Donald Trump AEBko presidentea. Are, auzokide diren bi herrialdeen buruzagiak telefonoz mintzatu ziren astelehenean bertan, Lopez Obradoren garaipena gauzatu eta biharamunean. Mexikoko garapena bultzatzeko eta migrazioa jaisteko "egitasmo integral" baten beharraz hitz egin zuten, buruzagi ezkerzaleak jakinarazi duenez.
"Donald Trumpen deia jaso nuen, eta ordu erdiz mintzatu ginen. Akordio integral bat proposatu nion, Mexiko enpleguak sortzea ahalbideratuko duena, eta hala, migrazioa murriztu eta segurtasuna hobetzeko", bota du Lopez Obradorrek Twitterren duen kontuan.
Mezu berean azaldu duenez, bien arteko "hartu emana errespetuzkoa" izan zen, eta ordezkarien arteko "elkarrizketarako atea" irekita utzi zuten.
Recibí llamada de Donald Trump y conversamos durante media hora. Le propuse explorar un acuerdo integral; de proyectos de desarrollo que generen empleos en México, y con ello, reducir la migración y mejorar la seguridad. Hubo trato respetuoso y dialogarán nuestros representantes.
— Andres Manuel Lopez Obrador (@AmIoPresidente) 2 de julio de 2018
Aurrez, AEBko presidenteak berak eman zuen telefono deiaren berri. Trumpen hitzetan, Ipar Ameriketako Merkataritza Askearen Itunaren (NAFTA, ingelesezko sigletan) negoziazioez solastatu ziren biak.
"Elkarrizketa polita izan genuen, ordu erdikoa edo. Mugaren segurtasunaz, merkataritzaz eta NAFTAz mintzatu ginen", adierazi du. Trumpen aburuz, "oso harreman ona" izango du Lopez Obradorrekin.
Congratulations to Andres Manuel Lopez Obrador on becoming the next President of Mexico. I look very much forward to working with him. There is much to be done that will benefit both the United States and Mexico!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 2 de julio de 2018
Trump Etxe Zuria heldu zenetik, gaiztotuta egon da Mexiko eta AEBren arteko harremana, bi herrialdeen arteko mugan Trumpek eraiki nahi duen harresia dela eta.
Botere aldaketa "lasaia" Mexikon
Bien bitartean, Lopez Obrador kargua uzten duen Enrique Peña Nietorekin bilduko da gaur, botere aldaketa "ordenatu eta eraginkorra" gauzatu asmoz.