Nazioarteko merkataritza
Txina eta AEB, merkataritza gerra erabatekoan, muga-zergak tarteko
Agentzia | Erredakzioa
Washingtonek produktu txinatarrei ezarritako muga-zergak ostiral honetan sartu dira indarrean, eta Pekinek 'berehalako errepresalia neurriak' iragarri ditu.
Munduko bi ekonomia handienak merkataritza gerra erabatekoan murgildu dira ostiral honetan. Trumpek iragarri bezala, AEBk produktu txinatarrei muga-zergak ezartzeari ekin dio, eta Pekinek "berehalakoan" erantzun du errepresalia neurriak iragarrita.
AEBk bota du lehen harria, baina berehala erantzun dio Txinak. Merkataritza Ministerioak ohar batean adierazi duenez, errepresalia neurriak hartuko ditu, eta produktu estatubatuarrek —ibilgailuak eta nekazaritza produktuak barne— % 25eko muga-zerga izango dute. Zergok 34.000 milioi dolarreko balioa dute, bi kasuetan.
"Txinak lehen tiroa botako ez zuela hitz eman zuen, baina oinarrizko interes nazionalak eta herritarrenak defendatu behar ditugu, ez dugu beste aukerarik, kontraerasora jo behar dugu", azaldu du Ministerioak oharrean.
Gerora Lu Kang Atzerri gaietarako Ministerioko bozeramaileak baieztatu ditu neurriak, baina ez du zehaztu kopururik edota zein motako produktuei ezarriko zaien.
Kangen hitzetan, Washingtonek hartutako erabakiak "munduko merkataritza arauak urratzen" ditu. "Historia ekonomikoko merkataritza gerra handiena hasi da", ohartarazi du.
Adituek ez dute uste muga-zergek berehalako eragina izango dutenik. Epe luzeko ondorioak dira kezka iturri, gerrak merkataritzari, inbertsioei eta hazkunde globalari eragingo dielakoan.