Itxi

Erresuma Batua

Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroak dimisioa eman du

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Jeremy Hunt izango da Atzerri ministro berria. Gerora jarrera aldatu bazuen ere, 2016an ‘brexit’aren kontra agertu zen.

Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri Ministroak dimititu egin du, Erresuma Batua Europar Batasunetik atera arte Gobernuak eduki beharreko jarreraren inguruan Theresa May lehen ministroarekin izandako desadostasunak tarteko.

Theresa Mayren Gobernu barruan brexit gogorraren alde zegoenetako bat zen. Ez da ordea dimisioa eman duen bakarra izan, bart David Davis brexit-erako ministro britainiarrak ere dimisioa eman du.

Ohar batean, egindako lana eskertu dio Downing Streetek Atzerri ministro izandakoari. 2016ko uztailean hartu zuen kargua, brexit-aren inguruko erreferenduma egin eta hilabete eskasera. 2016ko ekainaren 23an egindako erreferendumean boto-emaileen % 51,9k Europar Batasuna uztearen alde bozkatu zuten, eta % 48,1ek, ostera, Batasunean geratzearen alde.

Ministro izan aurretik Londreseko alkate izan zen 2018ko maiatza eta 2016ko maiatza artean, eta brexit-aren aldeko kanpainaren aurpegi ezagunenetakoa izan zen.

Erresuma Batuko Gobernuak Europar Batasuna (EB) uzteko prozesuan izango duen jarrera adostu zuen ostiralean, "jarrera negoziatzaile kolektiboa" delakoa, alegia. Erabakia hartu eta egun gutxira eman dute dimisioa Davisek eta Johnsonek, Theresa Mayren Gobernuan krisia eraginez.

Dimisioa emateko gutunean, Boris Johnsonek ohartarazi du Theresa May lehen ministroak Bruselari egindako proposamena "erdibideko brexit-a" dela eta Erresuma Batua Europar Batasuneko "kolonia" bilakatzea ekarriko duela.

"Kolonia bilakatzeko bidean gara", dio gutunean. "Brexit-aren ametsa hiltzen ari da, barneko zalantza ulertezinen ondorioz", erantsi du.

Halaber, Gobernu britainiarraren jarrera kritikatu du, negoziazioren bidea irekita, amore ematen ari dela iritzita. "Gure abangoardia bandera zuria eskuan duela bidali dugu batailara", adierazi du.

Brexit-a babestuta, Erresuma Batuak bere demokraziaren kontrola berreskuratuko zuela agindu zutela gogoratu dio Mayri. "Beren migrazio politika kudeatuko zutela, Europar Batasunak gastatutako diru britainiarra berreskuratuko zutela eta legea modu independente batean eta herrialde honetako herritarren interesen alde onartuko zirela agindu zieten britainiarrei", gaineratu du.

Alabaina, "erabaki garrantzitsuak ez ditugu hartu eta ez gaude prest akordiorik gabeko brexit-a gauzatzeko eta, ondorioz, erdibideko brexit batera goaz; sektore ekonomiko askok Europar Batasuneko sistemari lotutako segituko dute eta Erresuma Batuak ez du sistema horren gaineko kontrola izango", kritikatu du.

"Orain badirudi gure lege propioak egiteko aukerari uko egiteko prest gaudela. Joan den otsailetik atzeraka gabiltza", deitoratu du Erresuma Batuko Gobernuak ostiralean onartutako dokumentuari aipu eginez.

Brexitaren aurkari ohi bat izango da Atzerri ministro berria

Bestalde, Jeremy Hunt Alderdi Kontserbadoreko diputatua izango da aurrerantzean Erresuma Batuko Atzerri ministroa, Gobernu britainiarrak jakinarazi duenez.

2016an, brexitaren kontra eta Erresuma Batua Europar Batasunean mantentzearen alde agertu zen. Brexitaren aldekoek irabazi ostean, bigarren erreferendum bat deitzea eskatu zuen.

Iaz, baina, jarrera aldatu zuen, Europako Batzordeak negoziazio prozesuan erakutsi zuen “harrokeriagatik”.

Albisteak (3)